35/02 sumarioa bertan behera uztea eskatu du Gernika-Lumoko udalbatzak
Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten atzoko udalbatzan, baina bi adierazpenek berdina esaten zutela iritzita, proposamenak batzea erabaki zuten Gernika-Lumoko udal alderdiek. Hala, Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten 35/02 sumarioaren kontrako adierazpen bateratua. Alderdi politikoek Herriko tabernen kontrako auzia “bertan behera uztea” eta “prozesu penala artxibatzea” eskatu zuten, auziperatu guztien absoluzioa exijitzeagaz batera. Gernika-Lumoko alderdi politikoen ustez, “sumarioak iraganeko garaietara bueltatzen du Euskal Herria, bake prozesua oztopatuz”. Horregatik, “elkarbizitzarako oinarriak bete” ditzan eskatu diote Espainiari.
Begoña Landa Bilduko kidearen berbetan, politikan aritzeagatik auzipetu dituzte 40 lagun inguru. Hala, Espainiaren jarrera “harrigarria” dela esan zuen. Landak dioenez, konponbide eta bake haizea dabil Euskal Herrian, eta ulergaitza izango litzateke iraganeko garaietara bueltatzea. Hala, epaiketa politikoekin amaitzeko eskatu zuen Bilduko ordezkariak. “Aukera politiko guztiak errespetatu behar dira, kontrako urratsak baztertuz”.
Luis Ortuzar EAJko kideak ere, Espainiaren jarrera kritikatu zuen. “Euskal gizarteak bake eta normalizazio prozesua barneratu duen honetan, Herriko tabernen kontrako auzia atzeraldi bat da”. Ortuzarren nabarmendu zuenez, epaiketa horrek iraganeko beste batzuk dakartza gogora: 18/98 sumarioa eta Egunkaria sumarioa, esaterako.
Zenbait urte beranduagu, egoera errepikatu egin dela kritikatu du EAJkoak. Gaur egungo epaiketa bezala, iraganekoek ere oinarri juridikorik ez zutela deritzo. Hala, Espainiako justiziaren izen ona berreskuratzeko, “sumarioa zarratzea eta inputatuak absolbitzea” eskatu du.