35/02 sumarioa eta 26/11 sumarioa salatzeko agerraldia, Gernika-Lumon
Aurrera darrai 35/02 sumarioa deritzonaren epaiketak. Orain arte HB, EH eta Batasuna zireneko kideek deklaratu dute, eta gaur herriko tabernetako ordezkarien txanda izan da, tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur Elkartearen ordezkariarena eta Bermeoko Bolatokiarena. Defentsako abokatuen galdera bakarrari erantzuteko asmoz joan dira, baina epaiketaren norabidea aldatu du Fiskaltzak. Galdekatu egin nahi dituela esan dio epaimahaiari, eta horretarako baimena eskatu du. Defentsek kontrako iritzia eman arren, epaimahaia osatzen duten hiru epailetatik biren aldeko botoekin onartu egin dute Fiskaltzaren eskaera.
Defentsak hori egiterik ez dagoela nabarmendu dute, ordea, eta beren defendatuak ez daudela auzipetuta gogora ekarri ostean, fiskalak haiek galdekatzeko eskubiderik ez daukala nabarmendu dute. 110 elkarte eta tabernetako ordezkariek gela utzi dute, eta han amaitu da auzi saioa.
Atzo amaitu zuten 35/02 sumarioko auzipetuen deklarazioekin, eta eurek egindakoa “guztiz politikoa” dela esan dute, eta lan hori “publikoki” egin dutela gainera. Jon Martinez Sukarrietako bizilagunak astelehenean deklaratu zuen. Martinezi Bizkaiko herriko tabernen arduraduna izatea leporatzen diote, eta horren bitartez ETAri babes ekonomikoa ematea. Martinezek ukatu egin zuen dena. “Egin genuen bakarra lan politikoa eta publikoa zen”, –esan du–, “beste guztia gezurra da”. Herri Batasunan egindako beharragaz “harro” sentitzen dela ere esan du. Sumarioa “txapuza hutsa” dela gaineratu du, eta aurrera egin ahala “ahultzen” doala.
Karmelo Landa eatarra, besteak beste, Europako parlamentari izan zen garaiko azalpenak eman zituen, eta europarlamentaria izateagatik epaitzea “zentzugabekeria hutsa” dela nabarmendu zuen. Berak egindako lana guztiz “politikoa” izan zela esan zuen.