
Gernika-Lumon egindako elkarretaratzea
197/2006 doktrina ezarria duten 54 presok aurkeztu dute aske uzteko eskaera, eta auzi horiek aztertzeko bilkurak egingo dituzte barikuro. Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak. Gaur bertan Juan Manuel Piriz aske uzteko agindu du areto horrek, eta Joxepa Ernagaren kasuaren gaineko erabakia atzeratu egin du. Busturialdean bi dira doktrina hori ezarria dutenak: Elias Fernandez bermeotarra eta Josune Onaindia muxikarra.
Angel Juanes Auziegi Nazionaleko presidentearen arabera, Estrasburgoko auzitegiaren epaiak Ines del Rio Prada preso ohiaren egoera aztertu zuen soilik, baina gaineratu du epaia “doktrina” dela eta zigor hori ezarria duten presoekin zer egin erabaki behar dutela.
Astelehenean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak ebatzi zuen Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 5.1 eta 7. puntuak urratu zituela, Ines del Rioren espetxealdia luzatuta. 2008ko uztailetik libre behar zuen Del Riok, eta Estrasburgok esan zuen bost urte zeramala legez kanpoko atxiloaldian. Martitzenean utzi zuten libre.
Arduraz jokatzeko eskatu du Etxeratek
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, berriz, arduraz jokatzeko eskatu diete eragileei, komunikabideak barne; baita “sufritzen ari diren guztiekiko errespetu minimoa” ere. Hala, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia giza eskubide guztien aldeko aurrerapauso bat izan behar dela uste du Etxeratek, denek desiratzen duten “bake iraunkor horretara hurbiltzeko”.
Era berean, kezkatuta azaldu dira azken egunetan komunikabideetan eta agintari politiko batzuen ahotan entzun diren “astakeria itzelengatik”. Zigorra osotasunean bete eta horri urteak gehitzeak “nahikoa izango ez balitz bezala”. “Nora garamatza mendeku terminoetan planteatzen ari den mezu mediatiko bezain gogor hori? Zein interes egon daiteke mina infinitora luzatze nahi horren atzean?”, galdegin dute. Azaldu dutenez, eurek ez diote sekula inori sufrimendua ukatu, “ez dugu sekula egin eta ez dugu aurrerantzean egingo ere. Baina sufrimendu guztiekiko errespetu minimo bat eskatzen dugu, baita sarriegitan izkutatua izan den gure minarekiko ere”.