Erdu Txo! Gazte Asanbladak jakinarazi legez, “euskaraz kritikoki idazteko ohitura sustatu” gura dute lehenengoz antolatu duten Erdu olerki lehiaketaren bitartez. Lehiaketa adin guztietako herritarrei zuzenduta dagoela azaldu dute, eta olerkiak derrigorrez euskaraz idatzita egon beharko dutela diote. Gainera, hizkuntzaren kalitatea eta edertasuna baloratuko direla jakinarazi dute.
Erdu Txo! Bermeoko Gazte Asanbladak antolatu duen olerki lehiaketan parte hartu gura duten horiek, edozein gai aukeratu ahalko dute, librea baita. Hala ere, “kritikotasuna” kontuan hartuko dela azaldu dute antolatzaileek. Olerkiak laburrak izan beharko dute, gehienez, orrialde batekoak. Ahapaldi kopurua, neurriak eta errimak, gaia bezala, libreak izango dira. Eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkez daitezke olerkiak.
Edozein herritarri zabalik dago lehiaketa, hau da, edozeinek parte har dezake. Lehiaketak, baina, bi modalitate izango ditu: A modalitatea, 15 urtetik beherakoentzat eta B modalitatea, barriz, 16 urtetik gorakoentzat.
Azaroaren 30era arte
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru olerki aurkez dezake. Olerkiak, baina, banatuta aurkeztu beharko dira, modu independientean baloratuko baitira. Olerkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 30a izango da eta bi modutara aurkez daitezke.
- Helbide elektronikoz: erduolerkilehiaketa@gmail.com-era bidalita. Olerkiarekin batera, izen-abizenak, modalitatea eta harremanetarako datuak jarri beharko dira (A modalitatean, ikastetxearen izena; B modalitatean, telefono zenbakia).
- Kultur Etxean: gutun-azal baten barruan aurkeztu beharko dira bi orri. Batean, olerkia, eta bestean, parte hartzailearen datuak: izen-abizenak, modalitatea eta harremanetarako A modalitatean, ikastetxearen izena eta B modalitatean, telefono zenbakia.
Modalitate bakoitzean bi saritu izango direla jakinarazi dute eta sari banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da, zapatua, Lameran.