Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak 2002an hasitako Batasuna auzian epaitzen hasiak dira ezker abertzaleko kideak; gaur, esaterako, Karmelo Landa eatarra eseri da akusatuen eserlekuan. Guztira, bost auzipeturi hartu diote deklarazioa gaur, eta horiek guztiek euren aktibitate politikoa publikoa zela azaldu dute. Landak, gainera, Europako parlamentari izateagatik norbait epaitzea “zentzugabekeria” dela nabarmendu du goizeko deklarazioan.

Deklarazioak “ondo” joan direla eta “oso mamitsuak” izan direla aitortu du eatarrak. Adolfo Araizen deklarazioa izan da bostetan lehena, eta horrek esan du 1997ko kargu eta akusazio berberak errepikatzen dabiltzala egun ere, jadanik epaituak izan direnean. Orduko hartan, ETAko kide izatea leporatzen bazieten ere, gero kargutik libre utzi zituzten, eta orduan, ETAri laguntza ematea egotzi zieten. Araizekin batera, Karmelo Landa ere epaitu zuten orduan. “Auzitegi Konstituzionalera jo genuen orduan, eta horrek sententzia indargabetu zuen; hori dela eta, ez gara inoiz kondenatuak izan ETAri kaguntza ematearren”, azaldu du eatarrak.
Karmelo Landaren deklarazioagaz bukatu dute gaurko saioa. Besteak beste, Europako parlamentari izan zeneko garaia azaldu du eatarrak bertan. “Parlamentura ailegatzeko hauteskundeetako zerrenda nola egin zen, behin eurparlamentari izanda nola antolatu genuen lana, Herri enbaxada deituriko ordezkaritza nola erosi genuen, egiten genuen lan guztiaren balantzea… azaldu ditut”. Horrez gain, mahai nazionalean komunikazio zuzena izateko sartu zutela ere azaldu du. Beraz, berak azalpenak “argi eta garbi” eman dituela dio.
Azalpen horien ostean, baina, 2008an Landa atxilotu zutela ekarri dute gogora gaurko saioan. Horren aurrean, “aktibitate politiko publikoa” egiten zuela argi utzi nahi izan du Landak berak: “Hitzaldiak ematea, prentsaurrekoak egitea, elkarrizketak egitea…zen nire lana, eta hori egiteagatik atxilotu ninduten”. Garzon epailea salatu zuen orduko hartan Landak; batetik, Bilboko epaitegian, eta, bestetik, Nazio Batuen Erakundean. Hala, NBEk eatarraren kasua hilabeteetan sakon aztertu ondoren, erresoluzio bat atera zuen Giza Eskubideen Batzordean. Horren bitartez, “Espainia zigortu” eta Landare “alde” egin zuen, atxiloketa “bidegabea” zela esanez. Giza Eskubideen deklarazioko 7 artikulu bortxatu zituztela gaineratu zuen eta Nazioarteko Itunetatik beste 7 artikulu. Are gehiago, Landaren arabera, NBEk ateratako erresoluzio horretan dio “aktibitate politikoa legitimoa dela eta ezin dela horregatik pertsona bat bide penaletik zigortu”. “Horrek esan nahi du, beraz, ezker abertzalearen aktibitate guztia kriminalizatzeko duten nahi hori bertan behera geratzen dela”, dio Landak.
Gauzak horrela, Landak uste du gaurko deklarazioekin karguak “ahultzen” ari direla. Azken finean, prozesu hau “anakronikoa” dela eta “zentzu gabeko epaiketa” dela deritzo. Hori dela eta, “horiek guztiak eta atzetik etorriko diren gainontzeko makroepaiketa guztiak bertan behera utzi beharko” lituzkeela dio eatarrak. Dena den, ez dutela hala egingo uste du; horregatik, “herritarren bultzada beharrezkoa” dela argi du. Hala, zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, “guzti honekin bukatzeko eta Euskal Herriarentzako beste garai bat ekartzeko”.