
Gernika-Lumon atzo egindako elkarretaratzea
Estrasburgok 197/2006 doktrina bertan behera utzi ostean, orain Espainiako epaitegiei dagokie epaiak beste preso batzuei nola eragiten dien erabakitzea. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa gaur bildu da ezohiko bilera batean, Ines Del Rioren kasua aztertzeko. Fiskaltza Del Rio aske uztearen alde agertu da, eta Zigor Aretoko hamazazpi epaileek aho batez hartu dute Tafallako presoa aste uzteko erabakia. Argudiatu dute erabakiaren aurka ez dagoela helegitea aurkezterik eta Estrasburgoren epaiak derrigor bete beharrekoak direla Giza Eskubideen Ituna sinatu zuten estatuentzat. Auzitegi Nazionalera igorri duen txostenean Fiskaltzak ere esan du Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak ez duela beste aukerarik uzten, eta urratu diren eskubideak bere onera ekartzeko modu bakarra dela Del Rio aske uztea.
Dagoeneko iritsi da Auzitegi Nazionaleko autoa Teixeiroko espetxera, eta Del Rio 15:00ak aldera espetxetik ateratzea espero da. Barikuan, aldiz, ohiko bilera egingo dute epaileek, eta atzoko erabakiarekin aske geratu behar duten beste presoen kasuak aztertzen hasi beharko dute. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko du
Parot doktrina deritzona ezarria duten gainontzeko presoen egoera, tartean, Josune Onaindia muxikarrarena eta Elias Fernandez bermeotarrarena. Auzitegi Nazionalak aurreratu du kasuz kasu aztertuko duela bakoitzaren egoera, alegia, ez dituela ofizioz aske utziko eta preso bakoitzaren eskaera jaso zain egongo dela. Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskalak ere esan du Del Rioren kasuan aske uzteko eskatu izanak ez duela esan nahi beste kasuetan ere hori egingo duenik.
Ines del Rioren abokatu den Ainhoa Bagliettoren arabera, “Parot doktrina aplikatuta duten beste presoekin zer gertatuko den ikusteke dago oraindik. Hala ere, kasuz kasu aztertuko dutela ez da nobedadea, guk ere kasuz kasu eskatuko dugulako horiek aske uztea eta beraien lizentziamenduak. Kontua da eurek ofizioz aska ditzaketela egoera berberean dauden gutxienez 56 preso horiek, zeinei gerora doktrina ere aplikatu dieten. Baina oraindik irteera data ez duten guzti hoiei ofizioz kendu ahal die Audientzia Nazionalak”.
Estrasburgok ezarritako jurisprudentzia bete beharrekoa da Espainiarentzat, eta hala egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Atzoko agerraldian, sententziak Ines del Riori eragiten diola esan zuen Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak, ez gainerakoei, helegitea berea zelako. “Auzitegi Nazionalak eta probintzialek erabakiko dute eskaera hipotetiko baina aurreikusitakoen kasuen inguruan zer egin. Kasuz kasu erabaki beharko da. Indibidualizatu egin behar da”. Baina Del Rioren abokatuek azaldu dutenez, Tafallako presoaz gain, aske utzi behar dituzte beste 59 lagun ere, “arau demokratikoak errespetatzen badituzte”.

Bermeoko bilkura
Amaia Izko abokatuaren esanetan, “zuzenbide parametro guztietatik kanpo” legoke Espainiak preso horiek guztiak ez askatzea. “Zigorra luzatu zaie. Ez dago aztertu beharrik beren egoera, baizik eta euren oinarrizko eskubideak aitortu, batik bat, askatasunerako eskubidea”. Izkoren iritziz, “demokraziaren eta legearen kontra” egingo luke Espainiak espetxean mantenduz. Esan duenez, “ez dugu irudikatzen hori gertatuko denik”.
Hurbilekoak, pozik
Pozik egon arren, tentuz jokatu behar dela deritzo Amaiur Zugadi Josune Onaindiaren alabak ere: “Sententziak esperantza bueltatu digu, baina ama eta aita –Iñaki Zugadi preso barakaldotarra– etxean ikusi arte ez dut guztiz sinestuko”. Zugadik dio “baikorragoak” direla epaia ezagututa, baina uste du “oraingoan ere Espainia sententziaren kontra egiten saiatuko” dela, “sententziaren aplikazioa atzeratuz edota presoak kartzelan mantenduz azken momentura arte”.
Miren Gangoiti Elias Fernandezen bikoteak esan du “zorionekoa” dela ebazpena. Hala ere, oraindik bidea egiteko egon badagoela deritzo. “Egin beharreko lanagaz eta herritarren presioagaz, espero dugu ahalik eta arinen etxean egotea”.
Arantza Quiroga Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidenteak esan du Estrasburgoren ebazpena “bete” egin behar dela, “gustukoa izan ez” arren, egindakoa “zuzentzeko”. Aske geratu arren, Ines del Rio “23 hilketa egin dituen hiltzailea” dela ere esan du, eta ezker abertzaleari eskatu dio “ETArekin duen erlazioa” apurtzeko.
Jonan Fernandez Elkarri mugimenduko koordinatzaile ohi eta Baketik zentroko zuzendariak, bere aldetik, gauzak egiteko moduaren inguruko hausnarketa egiteko abagunea dela dio. Izan ere, haren iritziz, “denak ez du balio” ETAren aurkako borrokan.
Doktrina ezarrita duten Busturialdeko presoak:
- Elias Fernandez Castañares (Bermeo). Bilbon atxilotu zuten, 1986an. Irteera data: 2011ko maiatzaren 27. Doktrinarekin: 2016. Villabonan dute preso.
- Josune Onaindia Susaeta (Muxika). Barakaldon atxilotu zuten, 1992. urtean. Irteera data: 2012ko ekainak 9. Doktrinarekin: 2022. Murtzian dute preso.
Agiriak: