Halloween Metal Fest jaialdia talde bat gehiagorekin dator aurton
http://www.youtube.com/watch?v=VJMWt6xQJeI
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Spookypheria Productions kultur elkartearen hitzordurik garrantzitsuenetarikoa iristear dago. Izan ere, ate joka dator beldurra eta metal musika uztartzen dituen jaialdia. Sei urte beteko ditu aurton Halloween Metal Fest jaialdiak, eta orain dela hiru urteko formatura itzuli da kultur elkartea, lau musika talderen kontzertuak izango baitira beste behin ere Bermeoko Kafe Antzokiko agertokian.
Halloween jaia gustoko duten horiek, Bermeon hori ospatzeko aukera izango dute, hori bai, azaroaren 2an izango da, zapatuan. Aurrekoetan egin moduan, jaialdia Bermeoko Kafe Antzokian izango da eta 20:00etan emango diote hasiera goizaldera arte iraungo duen jaialdiari. Aurrekoetan baino ordu erdi arinago hasiko direla azaldu dute antolatzaileek, hiru kontzertu beharrean lau izango direlako: “orain arteko kartelik garrantzitsuenetarikoa daukagula esango genuke”.
Kontzertuak 21:15ak aldera hastea aurreikusten dute antolatzaileek. Gipuzkoa aldetik Bermeora hurbilduko dira Dark Code eta Kudai taldeak. Madrildarrak dira, aldiz, beste bi taldeak Somas Cure eta Skunk D.F.
Musika bideo emanaldiekin hasiko dira
Hala ere, aurreko urteetako formatuari eutsita, lehenik eta behin, musika bideo emanaldiekin hasiko dira, videojukebox-ekin, hain zuzen ere. Horiek ohikoak bihurtu dira azken urteetan, eta taldeko kideen lagunak diren zenbait pertsonek aurkezten dituzte bideoak. Aurten ere ez dira faltako “oso gustokoak” izaten diren toma faltsuak. Horiek, bideo emanaldien aurkezpenak grabatzen dituztenean sortzen diren irudiekin sortzen ditu Spookypheriak.
Halloween jaian ahalik eta gehien girotu ahal izateko, bertaratzen direnei mozorrotuta hurbiltzeko deia egiten die. “Aurrekoetan baino mozorrotutako jende gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke”, diote kultur elkarteko kideek. Gainera, mozorro onenentzako sariak ere izango direla jakinarazi dute, hiru sari banatuko dituzte, hain zuzen ere.
Sarrerak salgai
Halloween Metal Festerako sarrerak dagoeneko salgai daudela azaldu dute antolatzaileek. Aurretiaz erosita 7 euro balio dituzte eta honako lekuetan aurki daitezke: Bermeon, Katu tabernan, Luma liburudendan, Zarata Rock dendan edo Kafe Antzokian; Gernika-Lumon, Ospa tabernan eta Bilbon, Arisen. Bestalde, egun berean leihatilan erosten dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Internet bitartez ere salgai daude sarrerak www.kulturalive.com-en.
HITZA egunkariak Halloween Metal Fest jaialdira doan joateko aukera emongo die lau laguni; izan be, harpidedunen artean bi lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditu datorren astean.
Halloween Metal Fest jaialdia iragartzeko bideo bat ere egin du Spookypheria Productions kultur elkarteak.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.