
Atzoko inaugurazioa
Gernikaldea zentroko larrialdi zerbitzuen inaugurazioa salatu dute ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta SATSE sindikatuek, Osakidetzak ospitale baten “ameskeria” sortu izana kritikatuz. Sindikatuen iritziz, osasun publikoaren kontrako “beste eraso bat” da Gernikaldea zentroa. Izan ere, diotenez, “gabezia larregi” dauzka, eta, beraz, “ez da harro egoteko modukoa”. Zentroa hiru aldiz bisitatu dutela eta, Osakidetzako zuzendaritzak, Jon Darpon sailburua buru duela, inaugurazioko argazkian ateratzeko ahaleginak baino ez dituela egiten diote.
Langileriaren kontratazioan “hutsuneak” izan direla deritzote aipatutako sindikatuek, eta gaueko txandan garbiketako langilerik eta laborategiko teknikorik ez dagoela salatu dute. Zehaztu dutenez, Osakidetzako instrukzioen eta dekretuen kontra joanda, laborategiko beharra gaueko txandako erizainek egin dezaten da asmoa.
Diotenez, “berriro ere kontraesanetan jausten” ari dira, laborategiko eritzaintza espezialistaren figura ez baita dagoeneko existitzen. Hain zuzen, laborategiko tekniko batek baino ezin dezake lan hori egin. Hori dela eta, lanpostuak “aurreztu” gura dituztela deritzote ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta SATSEk, “inongo aintzatespenik ez daukan beste kolektibo bati zama gehiago jarriz”.
Horrez gain, Osakidetzak traumatologia, pediatra eta kirurgia espezialistak jartzeko asmorik ez daukala argitu dute sindikatuek, ezta larrialdietako kirofanorik ere ez.