
Txirrindularitza taldekoak Gernika-Lumon (Argazkia: Txato Etxaniz)
Clarion 1895 txirrindularitza talde britainiarrak bizikleta martxa bat antolatu du, 36ko gerran parte hartu zuten nazioarteko brigadak omentzeko, eta, atzo, Gernika-Lumon izan ziren taldeko kideak. Hain zuzen, aurten 75 urte bete dira nazioarteko brigadek Espainia utzi zutenetik, eta gertaera hori gogoratzeko egingo dute bizikleta martxa.
Lehen etapa Santurtzin hasi zuten britainiarrek, eta Gernika-Lumon amaitu zuten. Herriko zenbait gune bisitatu zituzten berton ziren bitartean. Gaur goizean, bestalde, martxari ekin diote berriro. Santurtzin hasitako ibilbidea Bartzelonan amaituko dute.
Bizikleta martxagaz txirrindularitza taldeko kide ohiak omendu nahi dituzte. Izan ere, taldeko kideek diru bilketa bat egin zuten, 36ko gerran asistentzia medikua ematera bideratzeko.
2008an ere, martxa berdina egin zuten Clarion taldekoek. Orduko hartan 70. urteurrena gogoratzeko antolatu zuten.