Estreineko diskoa kaleratu zuenetik hiru urte pasatu dira; orain, bizitzari kantatzen dio Antton Aranburuk (Busturia, 1979) Bizirik izeneko diskoan.

Irudian, Antton Aranburu busturiarra
Mezu «baikorrez» osatutako 11 abesti entzun daitezke busturiarraren bigarren lan horretan. Gai unibertsalak erabili ditu kantuetan: migrazioa, gizateria, kutsadura, zahartzaroa, heriotza, familia, adiskidetasuna… Hala ere, kantautoreen kutsu malenkoniatsua alde batera utzi barik, maitasunari buruz ere idatzi du.
Bigarren lana kalean ikusteak ilusio handiagoa ematen du, edo kontrara?
Lehenengoarekin dena zen berria; beraz, zirrara aldetik, lehenengoa hunkigarriagoa dela esango nuke. Hala ere, hau prozesu bat da eta prozesu honetan hainbat gauza ikasten dira. Hortaz, gauzak ikasi ahala bigarrenean aplikatzen dira, eta suposatzen dut hirugarrenean orain ikasitako beste hainbat gauza aplikatu ahalko ditudala.
Musikan ere heldutasuna lortzen da, beraz.
Bai, dudarik barik. Lehenengo diskoarekin alderatuta, bigarren honek garapen bat dauka, bai konposizio aldetik eta baita soinu eta konposizio lanaren aldetik ere.
Bizirik izenburua dauka lanak. Zergatik?
Adierazpen mezuz osatutako diskoa delako. Azken aldian, komunikabideetan zein kalean gai bakarra entzun daiteke: gauzak txarto dihoazela. Nire ustez, baina, bizitza dagoen bitartean, badago esperantzarik. Beraz, oraingoan mahai gainean jartzen ditudan gai guztiak oso unibertsalak dira, eta etorkizunari keinu bat egiten diote. Talentuarekin eta gazteria konprometituarekin honi guztiari buelta emateko gai izango garela uste dut.
Mezu baikorrak helaraztea daukazu helburu.
Orokorrean bai, baina denetik dago. Kantautoreek beti daukagu puntu malenkoniatsu bat, baina gehienak bai badirela mezu baikorrak. Batetik, hainbat gaira objektibotasunez hurbiltzen saiatu naiz, eta, bestetik, lehenengoarekin ez bezala, kanpotik entzun dudanetik. Bigarren lana ez da lehenengoa bezain autobiografikoa; izan ere, kanpotik entzuten ditudan istorioak abestietan irudikatzen saiatu naiz.
Zenbat abesti daude bigarren diskoan?
11 dira, eta bata bestearengandik oso ezberdinak. Guztiz anitza da lan hau; rock-a, baladak, afrikar soinuak edota bakarlarietan tipikoak diren abesti horietarikoak ere badaude, denetik dago. Abesti batetik bestera mundu bat dago, eta entzuleak harritu egin daitezke.
Kantuak sortzeko prozesuak fase ezberdinak izan dituela diozu. Zer dela eta?
Lehenengo, gitarrarekin kantuak sortzen hasi nintzen, etxean, eta pot-pourri zabala eratu nuen nire inspirazio koadernoan. Ondoren, etxean dudan grabazio estudio txikian grabatzen hasi nintzen abesti guztiak. Modu xume batean grabatu nituen, gitarra eta ahotsarekin batera baten batean pianoa edo bateria sartuta. Azkenik, taldekideak batuta, nik sortutako 30 abestietatik 11 aukeratu genituen, modu demokratiko batean. Eturako (Araba) entsegu lokalean sartuta, berriz, abestiei buelta ematen hasi ginen, guztien artean zuku gehiago ateratzeko asmoz. Izan ere, musikari handien ekarpenak ditu lan honek. Raul Verak (gitarra), Asier Yarzak (baxua), Iker Uriartek (bateria), Josu Jungituk (teklatua) eta Sonia Verak (korua) parte hartu dute bigarren lan honetan. Hori amaituta, Mungiako Gaua estudioan sartuta egin genituen grabaketa lanak, Aitor Abioren produkzioarekin.
Lan berria aurkezteko kontzerturik ba al daukazu aurreikusita?
Egun gutxi barru kontzertu txiki bat antolatzeko asmoa daukagu, komunikabideen aurrean gure lana aurkezteko. Aurkezpen ofiziala, baina, Durangoko Azokan egingo dugu. Ahotsenean izango da, abenduaren 7an, 13:30ean. Oraingoz, bestela, ez dut beste ezer lotuta, nahiz eta hemendik ingurutik nabilen ea zeozer lotzen dudan. Hemendik hamar egunera kontzertu gehiagoren datak konfirmatu ahalko ditudala uste dut.