12 bikotek parte hartuko dute ‘Berba Truke’ programan
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Berba Truke programa abian jarri du dagoeneko, eta bertan parte hartuko duten bikoteak hasiak dira jada martxan.Euskara edo gaztelania dakiten atzerritarrak bertoko herritar batekin batzea da asmoa, horien artean bizikidetza sustatzeko. Guztira, 12 bikotek parte hartuko dute hileon hasi eta abendura bitartean gauzatuko den programan. Horiek guztiek astero ordubetez elkartzeko konpromisoa erakutsi dute.
Elkarren artean berba eginez, bertoko eta kanpoko herritarren arteko harremanak eta elkarbizitza hobetuko direla deritzote mankomunitateko kideek. Hala, jatorri desbardineko bizilagun bi alkarregaz jarriz, atzerritarrek bertoko kultura eta ohiturak ezagutuko dituzte, eta Busturialdeko herritarrek ere atzerritik etorritakoen ohituren barri izango dute.
Lau pertsonek euskara aukeratu dute
Hain zuzen, euskaltegietako eta Gernika-Lumoko Helduen Eskolako ikasle etorkinek parte hartuko dute aipatu programan;bakoitzak hautatutako hizkuntzan oinarrizko elkarrizketa izateko gai izatea eskatu diete eta. Hamabi ikasle horietatik zortzik gaztelania aukeratu dute, eta gainontzeko lauek, berriz, euskara. Zazpi emakume eta bost gizonezko izango dira; Errumaniako lau, hiru senegaldar, Moldaviako eta Peruko bina eta Ghanako bakarra. Bertoko herritarrak, ostera, 21 urtetik 72 urtera arteko emakume boluntarioak izango dira.