'Tax lease' laguntzak "ahalik eta arinen" itzultzeko eskaera egin dio Tapiak Espainiako Gobernuari
Ontzigintza sektoreari “segurtasuna” emateko, tax lease sistematik eratorritako laguntzak ahalik eta arinen itzul ditzaten eskatu dio Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak Espainiako Gobernuari, horiek itzultzeko epea azaroaren 18an amaitzen baita. Irailean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko Hazienda Ministerioak inbertitzaileek 126 milioi euro itzuli behar zituztela.
Sektoreak egoera “zaila” bizi duela nabarmendu du Tapiak: “uztailetik zerbait aurreratu bada ere, gauzak ez dira asko aldatu, eta lehentasuna orain ontziolen etorkizuna lantzean egon beharko luke”.
Tapiaren ustez “ez da atzera begiratu behar” eta etorkizunari begira lan egin behar da. Haren iritziz, Euskal Herriko ontzigintza sektorea “teknologikoki ondo prestatuta eta egituratuta” baitago.