
Intxausti Pekingo Tour-eko podiumeko lehen koskan
Beñat Intxausti (Movistar Team) txirrindulari muxikarrak ezin hobeto eman dio amaiera denboraldiari. Pekingo Tour-eko sailkapen nagusia eta etapa bat irabazita, podiumaren goikaldean agurtu du urtea bertokoak. Txinakoa World Tour-ean irabazi duen lehen itzulia izan da Intxaustirentzat, baina euskal zaleentzat ere garaipen berezia izan da. Izan ere, Koldo Gil nafarrak 2006ko Suitzako itzulia irabazi zuenetik, Euskal Herriko txirrindulariak ez dira podiumaren lehen koskara igo sailkapen orokorrean nagusitu direla ospatzeko.
Intxaustiren berbetan, “poztasun bikoitza” dauka, Movistarrek World Tour-eko taldekako sailkapen nagusia ere irabazi baitu, Pekinen lortutako garaipenari esker. “Ikuspegi pertsonaletik zein talde ikuspegitik, hortaz, denboraldi amaiera ikaragarri ona izan da”.
Espainiako Itzulia lehiatu ostean, bertoko txirrindulariak jakin bazekien denboraldi amaierara “ondo heltzen” zela. Hala ere, lasterketak errepidean irabazi behar direla nabarmendu du. “Irabazteko esperantzagaz noa beti, baina garaipena lortzea oso zaila da”.
Intxausti “pozarren” azaldu da, aurrerapausoak ematen jarraitzen baitu. “Urtero-urtero aurreraka jarraitzea oso garrantzitsua da, eta, momentuz, bide egokitik noa”.