Bizitza erdia baino gehiago –38 bat urte– AEK-ko irakasle jardun ostean, erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio Igone Olabarriari (Gernika-Lumo, 1948). Lanbidean jarraituko ez badu ere, euskalgintzari lotuta segituko duela argi dauka gernikarrak. Urte horietan guztietan bizitako momentuak gogoratuz helduko dio Olabarriak etapa berriari.
AEK-ko irakasle izan aurretik, euskalgintzagaz loturarik izan al zenuen?
Bai, antzinako alfabetatze klaseetatik gatoz gu. Gure burua hasi ginen prestatzen, eta gero, premia zegoela ikusita, klaseak ematen hasi ginen. Euskaldunak, baina alfabetatu gabekoak ginen; hala hasi ginen gero iraskasle izango ginen lau lagun alfabetatzen. Gerora, hortik etorri zen Gaueskolen garaia. Klaseak ematen genituen, Gernika-Lumoko gizarte etxean hasieran eta berritzegunean gero, baina ez zegoen metodo erakargarririk. Gure helburua komunikazioa lortzea zen; alegia, hizkuntza erabiltzeko tresna zela erakutsi nahi genuen, eta hori ikasi behar zela. Jende euskalduna bazegoela, baina gazteleraz bizi zela ikusten genuen. Gaur egun Berbalagun bezala ezagutzen dena lehen Kontaktuak bezala zen ezaguna, eta hala egiten genuen orduan ere, euskara kanpora ateraz. Baliabiderik gabe geunden, baina jendea gogotsu zetorren, ilusio handiarekin. Alfabetatzen hasi ginenean jende piloa geneukan.
Egun dagoena baino euskara ikasteko premia handiagoa al zegoen orduan?
Gaur egun ere premia badago. Ezagutza maila altua da, baina erabileran kale egiten jarraitzen dugu oraindik. Garai hartan debekuetatik ikastera pasatu ginen, eta hori aldaketa nabarmena izan zen. Desberdina zen lehen zegoen ilusioa eta premia. Gaur egun D ereduan ikasten du jendeak, eta euskaltegietara ere badator, baina kalean gaztelera entzuten da behin eta berriz.
Egun, beharbada, titulua lortzeko joaten dira euskaltegira.
Gaur egun asko «engainatzen» dituzte, euskaraz ikasiz gero titulua eskuratuko dutela esanez. Hori dela eta, jendeak utzi egiten dio euskaltegira etortzeari. Berriro ere, hutsune hori nabaria da euskaltegian. Dena den, titulua eskuratzeaz gain, euskaraz moldatzen zarela erakutsi egin behar duzu; izan ere, titulua duen jende asko dago ez dakiena euskara erabiltzen. Gure eskualdea, ezagutzari dakionez, euskalduna da ehuneko altu batean, baina uste dut erabilera ez datorrela bat ezagutzarekin. Jendeak pentsatzen du bere seme-alabek euskaraz ikasten dutelako euskara salbatuko dela, baina hori ez da horrela. Dakitenek erabiltzen dutenean soilik salbatuko da euskara.
Hainbeste urte irakasle lanetan aritu ostean, zer botako duzu aurrerantzean faltan?
Gauza asko: ikasleen bizipenak, proiektua bera, ikasle eta langileen arteko giroa… Baina aurrerantzean ere hemendik ibiliko naiz: Berbalagunen Bermeon eta Gernika-Lumon, Korrika-ko laguntzaile, kontseiluetan, Hitzak eta Berriak antolatzen dituzten jardueretan, premia dagoen lekuetan eta bestelako euskalgintzako kontuetan. Azken finean, euskalgintzari lotuta beti.
Urte horietan guztietan zer jaso duzu?
Batez ere, zenbatu ezin daitezkeen bizipenak. Euskara erabiltzen duen jendea dagoela ikusteak ere ikaragarri asetzen nau. Orain arte egindako lanak zerbaiterako balio izan duela ikusteak ere ematen dit poztasuna, eta baita aurrera egiteko ilusioa ere. Bestalde, atsekabez ikusten dut AEK-k egindako lan guztia oraindik ere aitortu gabe egotea. Igarotako momentu gogorrak ezin daitezke ahaztu. Hori da barruan daukadan arantza.
Gaur egun zein egoera bizi du euskarak?
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, esaterako, ez dago behar bezala aitortuta. Oro har, ganoranzko hizkuntza politika bat behar da Euskal Herri osorako.
Orain arte, zer lortu da euskararen arloan?
Izkutuan egon den gauza bat kanpora ateratzea lortu da; hori izan da lorpenik handiena. Euskal Herriko ia txoko guztietan AEK egotea lortu da; hainbat eta hainbat euskaldun alfabetatzen. Horrez gain, sortu diren irakasle eskoletatik ere hainbat irakasle atera dira. Euskal Herri osoan 500 bat irakasle dabiltza lanean gaur egun AEKn. Bestalde, aipatu behar hainbat laguntza eta baliabide dituztela erakundeek euskaraz ikasteko, baina hori ez da nahikoa, oraindik gehiago behar da-eta. Gaur egungo egoera ikusita, diruak asko mugatzen du prozesua; alegia, jende asko ez da euskaltegira etortzen, dirurik ez daukalako. Jende hori kanpoan gera ez dadin, doakoa izan beharko litzakete euskara, beste lekuetan den bezala. Oraindik, baina, ez gara horra ailegatu; beraz, erronka hori da AEK-k beti aldarrikatu duena. Horretarako, baina, beharrezkoak ditugun baliabide ekonomikoak eman behar dizkigute. Halaber, AEK erakunde publikoa izan dadin ere nahi dugu; jendeak pribatutzat jotzen badu ere, herriak sortutako mugimendu bat delako.
Hemendik aurrerako irakasleek zer hobetu beharko lukete?
Egun, AEKn ematen den formakuntza ikaragarria da, baina, beharbada, militantzia apur bat falta da. Langile militantea izan behar da euskara irakaslea.
AEK-ko ikasle kopuruak gora ala behera egin du?
Mailaren araberakoa da hori. Ikasle kopurua mantentzen hasi gara, baina ez da hori pasatzen maila guztietan. Maila batzuetan jaitsiera egon dela egia da; ez da hori gertatzen Busturialdean, baina bai orokorrean.
Zeintzuk dira jaitsiera horren arrazoiak?
Batetik, nik uste dut eragina duela euskaraz ikastearren titulua emateak. Bestetik, uste dut jendea ez dela ohartzen euskarak duen balio erantsiaz. Jendeak pentsatzen du euskara bai, baina ingelesa ikasi behar duela lehenago, ingelesarekin edonora zoazelako. Euskal Herria txikia da, baina, era berean, handia ere bada. Gainera, euskaraz jakin arren, beti dago zer ikasi. Horregatik, bakoitzak duen apurra eman dezaten dei egiten diet guztiei; euskaltegira etorrita, Berbalaguneko taldeetan parte hartuta… Azken finean, euskaraz dakitenek ez dakitenei euskara kalera ateratzen lagundu behar diete.
Euskal Herriko ikasleez gain, kanpokoak ere badira euskaltegian, ezta?
Bai, Gernika-Lumoko kasuan, kanpokoak guraso taldeetan ditugu. Besteak beste, errumaniarrak, brasildarrak, boliviarrak… daude. Talde horretan, arduratuta datozen gurasoak ikusten ditugu. Gazteleraz ez dakiten pertsonak ere badaude; hala, gaztelerazko klaseetara joateaz gain, euskara klaseetara ere badatoz.
Euskararen alde egin duen herritar modura, zer eskatzen diezu herritarrei?
AEK-k aurten erabili duen lemagaz bat egiteko eskatzen diet; alegia, AEKn irakasten dena euskara praktikoa dela, ez dela zaila eta ikasi daitekeela. Beraz, euskaltegira etor daitezen dei egiten diet. Euskaldunen artean oraindik alfabetatu gabe dauden horiei beldurra kentzeko eta AEKra etortzeko esan nahi diet.