Euskara Sailaren zerbitzuen berri ematen duen web gunea sareratu dute
Sarean dago jada Bermeoko Udaleko Euskara Sailak eskaintzen dituen zerbitzuen eta baliabideen berri ematen duen web gunea: www.bermeo-euskaraz.com. Web gune «praktikoa» eta «dinamikoa» dela azaldu du gaurko aurkezpenean Maite Alvarez de Zarate udaleko euskara teknikariak. Haren esanetan, «informazio osatua eskaintzen die arlo guztietako profesionalei, gurasoei, ikasleei, kirolariei…eta azken finean, euskaraz bizi nahi duten pertsona guztiei».
Iametza enpresa arduratu da Euskara Sailarentzako web gunea garatzeaz. Atal ezberdinetan sailkatuta, hainbat dira horren bitartez jaso ahal diren euskararen inguruko informazioak. Bestalde, web gune berriaren bitartez, hainbat zerbitzu on-line jasotzeko aukera eskaintzen dute. Hala, aholkularitza zerbitzuak eskura daitezke, merkatariek eta ostalariek euskarazako materiala eska dezakete (kartelak, fakurak, entrega-agiriak…) eta itzulpen zerbitzua ere ahalbidetu dute. Horien bitartez, erabiltzaileen «erosotasuna» bilatzen dutela aipatu dute.
Zuretzat izeneko atalean, berriz, merkatariek, gazteek, gurasoek…eta gainontzeko alorretako pertsonek beraientzako interesgarriak izan daitezkeen ekimenetara sarrera zuzena dute. Atal hori «oso praktikoa» dela nabarmendu du euskara teknikariak.
Euskara bultzatzea helburu duten Euskara Sailaren 16 ekimenen berri ere ematen du web gune ak, eta orain arte egindako lan guztia bertan zehaztuta aurki daiteke. Modu horretan, enpresek eta elkarteek euskara planak egiteko ereduak aurki ditzakete, kirol arloan orain arte egindakoa irakur daiteke eta Berba eta Kafea eta Geurien be bai egitasmoen berri ere ematen dute, besteren arte
Bermeoko euskarak ere badu lekua, eta herrian hizkuntzak izandako garapenari buruzko datuak aurki daitezke web gunean. Bestalde, euskaraz funtzionatzeko edozein motatako erreferentziak bilatzeko ahalkuak ere ematen dituzte Hizkuntza baliabideak atalean. Eta zure euskara maila zelakoa den jakin nahi izanez gero, aukera ematen dute baita ere, horretarako prestatu duten test praktiko baten bitartez. Era berean, euskaltegietarako eta Berbalegunerako sarrera zuzenak ere badaude.