
Gernika Bizkaiaren eta Complutense Cisnerosen arteko iazko partida bat
Gernika Bizkaia errugbi taldeak zapatuan jokatuko du, bi asteko liga etenaldia amaituta. Basurdeek, gainera, Urbietan jokatuko dute Complutense Cisneros talde madrildarraren (Espainia) kontra. Hain zuzen, zapatuan nurtuko dituzte indarrak, 16:30ean.
Lau partida jokatuta, Bizkaia Gernika bederatzigarren sailkatua da, zazpi puntugaz. Partida bakarra irabazi dute, eta erasoko hiru bonus puntu lortu dituzte. Complutense Cisneros, bestalde, zortzigarren sailkatua da, zortzi puntugaz. Hortaz, sailkapen orokorrean gutxienez postu bat aurreratuko lukete gernikarrek, garaipena lortuz gero.
Partida irabazteak, gainera, garrantzia handia dauka, sailkapenean atzetik doazen taldeak oso gertu baitaude. Santboianak ere zazpi puntu dauzka, eta Universidad Vigok eta Ciencias Cajasolek bosna puntu dauzkate. Hala, Bizkaia Gernikak asteburuan galduz gero, arazo larrietan sartzeko aukera izango luke.
Azpiko mailetako taldeen partidak
Basurdeen lehen taldeaz gain, asteburuan gazte mailako eta kadete mailako taldeek ere jokatuko dute. Harrobiko jokalariek, baina, etxetik kanpo jokatu beharko dute. Gazteek Getxoren kontra neurtuko dituzte indarrak Faduran, zapatuan, 11:00etan. Kadete mailako jokalariek, bestalde, Durangoren kontra jokatuko dute Elorrion, zapatuan, 11:00etan.