Hamaseigarrenez, Bilbao Bizkaia Pintxo Txapelketa antolatu dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Guztira, 73 establezimenduk parte hartuko dute aurten, eta horien artean izango dira Laidako (Ibarrangelu) Atxarre taberna eta Busturiko Madariaga Dorretxeko MDgastro taberna, pintxo bi eta pintxo bakarra aurkeztuz, hurrenez hurren. Hala, orotara, 116 pintxo aurkeztuko dituzte 73 establezimendu horiek.
Laidako Atxarre tabernako ‘Asune’ pintxoa
Aurtengo txapelketan kategoria bi izango dira; batetik, pintxo librea eta, bestetik, osagai berezidun pintxoa, txipiroia izanik osagai berezia. Hala, kategoria bakoitzean hiruna sari emango dituzte: urrezko zotza, zilarrezko zotza eta brontzezko zotza. Aurten, gainera, kategoria berri bat ere izango da: Pintxo Establezimendurik Onenaren Saria. Horretan ere, hiru sari banatuko dituzte.
Lokal bakoitzak erabaki ahal du kategoria batean edo bietan parte hartuko duen. Laidako Atxarre tabernak, esaterako, bietan parte hartuko du: batean,
La cena del Cura aurkeztuko du, eta bestean
Asune. Busturiko Madariaga Dorretxeko MDgastro tabernak, berriz, osagai berezidun pintxoaren kategorian aurkeztuko du bere pintxoa:
Talo de Chipiron. Epaimahaiak osagaien kalitatea, prestakuntza eta aurkezpena hartu beharko ditu kontuan txapelketako pintxo irabazleak hautatzerako orduan. Guztira, 7 pintxo aukeratu beharko ditu epaimahaiak bi kategorietan, eta hautatutako horiek azaroaren 12an Artxandako Ostalaritzako Goi-eskolan prestatu beharko dituzte beren pintxoak.
Herritarrek gogokoen duten pintxoa aukeratu ahalko dute internet bidez,
www.depintxos.net webgunean,
Madariaga Dorretxeko MD Gastro tabernaren ‘Talo de Chipiron’ pintxoa
herritarren pintxorik gustukoenak sari berezi bat izango baitu. Horretarako, epaimahaikideez gain, herritarrek ere pintxoak 1,50 euroren truke dastatzeko aukera izango dute, bihartik domera bitartean eta hilaren 24tik 27ra bitartean. Hain zuzen, Bilboko eta Bizkaiko lokaletan errezeta berriak eta klasikoak, tradizionalak eta berritzaileak dastatu ahalko dira egun horietan, “guztiak lehen mailako lehengaiekin eta esku onekin prestatuak”.
Sari guztiak azaroaren 13an banatuko dituzte, Bilboko Zabalguneko Azokan.