Gernika-Lumoko Berbalagun programa martxan da berriro ere. Euskara zabaltzeko eta sustatzeko sortutako proiektuak hamar urte bete ditu, eta hazten jarraitzeko helburuagaz ekin diote ikasturte berriari bultzatzaileek. Momentuz 62 lagunek eman dute izena programan parte hartzeko, eta hamabi talde osatu dituzte. Berbalaguneko kideek azaldu dutenez, baina, zenbateko hori handitzea espero dute. Izan ere, 80 lagun inguruk parte hartu dute aurreko urteetan. Eskoletan ikasitako praktikan jartzeko aukera bikaina da Berbalagun sutatzaileen ustez. “Euskara praktikatzeko aukeraz gain, lagun berriak egiteko aukera ematen du programak”.
Aurte, gainera, Gurasolagun proiektua jarriko du martxan Berbalagunek. Egitasmo pilotu horren helburua, euskara ez dakiten gurasoak batzea izango da. Guraso horiek seme-alabekin joango lirateke klaseetara. Pili Ibarra Berbalagunkideak azaldu duenez, “zenbait eskaera jaso ditugu, eta baliteke talde bat osatzea”.
Mintza praktika taldeak aurrera ateratze aldera, Berbalagun euskara dakiten boluntarioen bila ari da. Izan ere, zenbat eta boluntario gehiago izan, talde gehiago osatzeko aukera izango dutela deritzote. Boluntario horiek astean behin bildu beharko lirateke euskara praktikatu gura duten pertsonekin. Pili Alberdi Berbalagunkideak dioenez, “bazkaria janez, paseatuz edo tabernan batuz praktikatzen dute euskara talde desberdinetako kideek”.
Sustatzaileek jakinarazi dutenez, boluntarioen lana ezinbestekoa da proiektuak bizirik jarrai dezan. Hala, euskaldun zaharrei parte hartzeko gonbita egin diete euskara taldekoek.
Boluntarioek zein euskara praktikatu nahi dutenek AEKn, Kultur Etxean, Aita Luis Villasante euskaltegian eta udaleko euskara saileaneman behar dute izena. Parte hartu gura dutenek, gainera, ikasturteko edozein momentutan eman dezakete izena.
Ekintza gehiago
Bestalde, Berbalagunek urtero antolatzen ditu beste hainbat jarduera, eta, aurten ere, hala egingo dute. 2013a amaitu aurretik, esaterako, Mendi irteerak, Ezetz Jakin lehiaketa, hamaika orduko irakurraldia eta egitasmoaren hamargarren urteurrena ospatzeko erakusketa bat antolatu dituzte.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.