Bataren zein bestearen aurrean, agerraldia egin zuten atzo hainbat lagunek Donostian, eta makroepaiketa biak salatzeko manifestaziora deitu dute. Urriaren 26an jarri dute hitzordua, Bilbon, eta
izango da leloa. Gaur hasiko den epaiketan auzipetuta dagoen Floren Aoizek adierazi zuenez, “herri oso bat” nahi dute epaitu eta zigortu. “Euskal Herriko jarduera soziokulturalaren motorretako baten kontrako auzia da, Euskal Herriaren pultsu soziokulturalaren aurkakoa”.
Herriko tabernei dagoeneko mina egin zaiela azpimarratu zuen Aoizek, “itxita eta murriztuta egon direlako”. Bere hitzetan, ordea, errepresioa ez da etsipena sortzen ari; kontrara, “mobilizazio mota berriak” sortzen ari direla nabarmendu zuen, eta horren adibide jarri zituen herri harresiak.
Epaiketa “politikoa” salatu dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumon, bestalde, hainbat lagun batu ziren atzo arratsaldean Europako herrien parkean, “epaiketa politikoak” salatzeko. Gogora ekarri zutenez, Gernika-Lumoko Arrano Kultur Elkartea dago “erantzule zibil izatea” egotzita epaituko dituzten 110 herriko tabernen artean. Bildutakoen iritziz, “bi makroepaiketa hauek argiro erakusten digute Espainiako estatuak ez dituela gatazkaren ondorioak konpondu nahi, gatazka politikoa lehen planoan jartzeko beldurrez delako”.
110 kultur elkarte desjabetzeko arriskuan daudela ere kritikatu zuten, eta epaiketak dakarren kostu pertsonal eta ekonomikoa nabarmendu. Izan ere, azaldu zutenez, “koste pertsonalaz gain, ia 2 milioi euroko” gastuari egin beharko diote aurre herriko tabernen auzia-n auzipetuek.
Epaiketa guztiz politikoa dela salatu zuten Europako herrien parkean bildutako lagunek. Haien esanetan, “berme juridikorik gabe epaituko gaituzte, urruneko epaitegi berezi batean. Ez dugu konfiantzarik epaituko gaituen tribunalarengan. Izan ere, helburu politikoa duten prozeduretan afera juridikoak bigarren mailan geratzen direa, eta epaia ez dute epaileek idazten”. Hari horretatik, auzipetuen aurkako frogak bakarrak “txostenak, DVDak, kamisetak, musika CDak, elkarteen bileretako aktak…” direla salatu zuten.
Finean, “herrietan zein auzoetan lan politikoa eta kulturala egiteagatik” epaituko dituztela adierazi zuten. “Urte luze hauetan gure jarduna herri osora zabaldu da, haratago joan den jarduna bultzatu izan dugu, gure herriaren izaera eta nortasuna aldarrikatu eta bultzatzeaz gain, edonorentzako gune irekiak izan dira, eztabaidarako, hausnarketarako, proposamen eta ekimen zehatzetarako, festarako… Gure herrietako erreferentzia politiko-kulturalak izan dira, eta herrietako eguneroko dinamiketan erabat txertaturik egon dira”. Ondorioz, helburua zigorra baino ez dela diote. “Horixe da, ez besterik, epaiketa hauen atzean dagoen arrazoia. Horregatik esaten dugu ez gaituztela gu bakarrik zigortzen; gurekin batera herri oso bat zigortzen duela Madrilek. Herri honen parte bati bere ideiak defendatzea ukatzen zaion unetik, herri osoa kondenatzen dutela uste dugu”.
Euskal Herrian zabaldutako aro itxaropentsuari aipamen eginez, bestetik, Espainiak “errepresioaren bidean tematurik” darraiela diote, eta jarrera ulergaitza dela nabarmendu. Hala, “Euskal Herrian gatazkaren konponbidearen alde hainbeste urrats” eman direnean, “Espainiako estatuak Euskal Herriari atzera pausoak besterik ez” dizkiola eskaintzen esan dute.
Oztopoak oztopo, alabaina, etsiko ez dutela esan dute. “Herritar librez osaturiko herri librea amesten dugu, eta lan horretarako ilusioa sobera dugu. Gaur, hemen, elkartasuna eta konpromisoarekin, denon ekarpen txikiaz, lortuko dugu epaiketa politikoak gelditzea”. Zentzu horretan, urriaren 26an Bilboko kaleak betetzeko deialdia egin dute bildutakoek.
Harreman birak
‘Herriko tabernen auzia’ abiatu zutenetik 11 urtera hasiko dira epaitzen 35/02 sumarioan auzipetutakoak, eta euretako batzuek eta gazte independentisten aurkako sumarioko batzuek epaiketen berri emateko nazioartean harreman birak egin dituzte azken asteetan. Egindako bileretan, Espainiako Gobernuak duen jarrera arduraz eta kezka begiratzen dutela adierazi diete auzipetuei, eta hainbat konpromiso hartu dituzte datozen auziei begira. Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialekin harremanak egiteaz gain, nazioartean beren aurkako auzien zabalkundea egiteak garrantzia handia duela adierazi dute Karmelo Landa eta Sabin del Bado auzipetuek. Landak berak joan den irailean esan zuenez, “beharrezkoa da konpromiso kolektiboa, bakearen eta elkarbizitzarean bidea egin ahal izateko”.