Feminismo islamikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Parekide elkarteak. Bilbon eta Bermeon hitzaldi ezberdinak antolatu dituzte. Horietan,bi emakume musulmanek –Saliha Ramayk eta Ewa Strzeleckak– Pakistango eta Yemengo emakume musulmanen egoera eta horien esperientziak azalduko dituzte. Saliha Ramay idazle, poeta eta feminista pakistandarra da. Yemengoa da, barriz, Ewa Strzelecka ikertzailea. Bermeon izango dira bihar biak, emakume musulmanen esperientziak partekatzen. Hitzaldia Gizarte eta Kultura Etxean izango da, 19:30ean.
Saliha Ramay eta Ewa Strzeleka
Egunotako hitzaldien bitartez, zer erakutsi nahi diezue hemengo herritarrei?
Saliha Ramay: Testuinguru bakoitzean emakumeok ditugun beharrizanak aztertzeko, beharrezkoa dela Iparraren eta Hegoaren artean dagoen dibertsitatea ulertzea. Emakumeek azalduta jakin behar dugu, zeintzuk diren beraien beharrizanak, bestela ezinezkoa izango da ezer lortzea.
Ewa Strzelecka: Uste duguna baino gauza gehiago ditugula amankomunean. Batzuetan,okerreko ikuspegiarekin ezagutzen zaie andra musulmanei, arazo desberdinak dituztelakoan, eta ez da horrela. Norberaren errealitatea hobeto ezagutzeko eta esperientzia guztietatik ekarpen eraikitzaileak egiteko, beharrezkoa da elkarren artean ditugun antzekotasunak jasotzea eta sareak eta eztabaidak sortzea, esperientziak partekatzeko. Bestalde, Yemengo egoera kaleratu behar delakoan nago, irudi okerrak baitaude: Al Qaeda, gatazka armatuak…ikertzailea naizen heinean, hango errealitatea azaltzearen ardura daukadala uste dut, emakumeen ikuspegitik, beti ere.
Zelan eragiten dio Islamak emakumeari?
Ramay: Islama eta emakumeen arteko harremana, orokorrean, modu askotan eman daiteke, gainontzeko herrialde askotan gertatzen den moduan, nahiz eta Arabian baduen eragina. Pakistanen, esaterako, ez dago emakume homogeneorik, dibertsitate indigena ugari baitaude, bakoitzak bere kultura du. Sufismoak, adibidez, balore islamikoak jarraitzen ditu. Pakistanen modu askotara uler daiteke islama, haren legeetan edo kulturan oinarritzen delako izan daiteke, eta horrek modu ezberdinean eragiten du. Baina bai munduan zein Pakistanen, bi emakume talde daude; kontserbadoreak direnak eta ez direnak, Pakistanen guztiak; hori bai, Islamean oinarrituta. Pakistanek lau probintzia ditu, eta bakoitzak Islama ulertzeko eta bizitzeko modu ezberdinak ditu.
Strzelecka: Yemengo emakumeen egoera ulertzeko 90eko hamarkadatik jasandako egoera ezberdinak ulertu behar dira, herrialdea bi zatitan zegoenekoa; hegoaldea komunista zen, pertsona guztien eskubideak errespetatzen zituena; iparraldea, aldiz, kapitalista, erlijioan oinarritutakoa. Islama entitate monolitikoa da, korronte ezberdinak ditu eta jendeak fedearen arabera baldintzatuko du bere bizitza, hemen gertatzen den bezala. Hala ere, Islama indar garrantzitsua da Yemen bezalako herrialde batean. Emakumeen eskubideak baldintzatuta daude indar islamistak gobernura heldu zirenetik, gizonezkoen interpretazio patriarkalagatik eta misoginoagatik. Adibide praktikoa dira adin txikikoen ezkontzak. Legearen arabera, nahikoa da pertsona bat gaztarora heltzea ezkondu ahal izateko. Hortaz, errealitate hutsa da zortzi urterekin ezkontzen diren umeak ezkon gauean hiltzea, beraien gorputzak ez daudelako prestatuta harremanetarako. Egoera horiek, baina, beste faktore batzuen eraginez ere sortzen dira: ekonomikoak, politikoak edo sozialak, besteak beste.
Alde handia al dago emakumeen eta gizonezkoen eskubideen artean?
Ramay: Pakistanen emakumeei ez diete gizonei ematen dieten tratu berdina ematen; botere klaseak, heziketa, ezagutza… dira tarteko. Emakume bezala dauzkagun eskubideen inguruan zenbat eta ezagutza handiagoa izan, aukeratzen hasi zaitezke eta zure burua baliogarri bilakatu. Baina mundu guztian gertatzen den kontua dela esango nuke, ez Pakistanen soilik. Guztiak ez gara berdinak, elkarrengandik banatzen gaituzten faktoreak dauzkagu: klasea, dirua edota ikasketak. Nik neuk ikasteko aukera izan dut, dena hobeto ulertzeko aukera izanik. Faktore ekonomiko-sozialek banandu egiten gaituzte, pertsona bezala dauzkagun aukerak galarazita.
Strzelecka: Yemen atzeratuta dago horretan, emakumeek dituzten eskubideak ez dira nahikoak eta oinarrizko zenbait eskubide aldarrikatzen ari gara. Heziketa, adibidez; emakumeen %75 analfabetoa baita. Botoari dagokionez, bozkatu dezakete, baina parte hartzea eskasa izaten da. Herentziak ere aipatzekoak dira; lege tribialetan oinarritzen direnez, zonaldearen arabera, andreek ez dute horiek jasotzeko eskubiderik. Hirietan, baina, mugimendua aktiboagoa izanik, ezagunagoak dira emakumeek egiten dituzten aldarrikapen politikoak. Esparru horren %30 emakumeek bete dezatela eskatzen dute, beraiei eragiten dieten legedietan erabakitzeko eta proposatzeko aukera zuzena izan dezaten. Parlamentua 300 gizonek eta emakume bakarrak osatzen dute gaur egun.
Herrialde musulmanei buruz kanpotik ezagutzen duguna edo erakusten digutena dakigu baina, barrutik ikusita ere, hala al da? Edo beste irudi bat daukagu?
Ramay: Nire ustez, hedabideek botere handia dute kontzientzia sortzeko unean. Ez dut ukatzen alde kontserbadoreek beraien sinismenak aplikatzen dituztenik Islamean; eta hori erakusten digute. Baina, egia esan, erakusten dutena baino zibilizatuago eta hezituago gaude.
Strzelecka: 80ko eta 90eko hamarkadetan, hegoaldeko lurraldeetan, orain zabaldua dagoen ikuspegi okerra kritikatzen zuten, beraien tradizioetako biktimak zirelakoan. Egia da euren eskubideengatik borrokatu behar dutela, baina mugimendu gogorrak, zabalak eta dinamikoak daude, kasu bakoitza bere berezitasunarekin.
Zein da feminismo islamikoaren borroka?
Strzelecka: Feminismo islamikoak testu islamikoaren interpretazio patriarkalak kritikatzen ditu; hau da, gaur egun, gizonek egin duten interpretazioengatik emakumeek euren eskubideak zapalduak izatea. Interpretazio horiek eragin zuzena dute kulturan, eta hori alda daitekeela uste dute andreek. Ez da hori gertatzen erlijioarekin, sakratua baita. Ondorioz, emakumeek korana interpretatzeko beharra ikusi eta hori eskatzen dute, bere garaian gizonek egin zuten moduan; berdintasunean oinarritutako gizartea sortu gura dute, emakumeentzat ere aukera berdinak zabalduz.
Zuen amumen istorioetatik egungoetara, asko aldatu dira gauzak?
Ramay: Emakumeek lehen eskubide gehiago zituzten. Pakistanen erlijioa norberaren onurarako erabili da. Uste dugu erlijioa eta Islama bata bestearengatik desberdinduta egon beharko liratekeela.
Strzelecka: Hegoaldeko lurralde komunistan, lehen, eskubide gehiago zituzten, bai emakumeek, zein pertsonek orokorrean. Gobernua egitura hierarkikoan oinarrituta egon arren, oinarrizko eskubideak bermatzeaz arduratzen zen: heziketa, osasuna, politika… Baina jendartea kontserbadoreago bilakatu zen herrialdeen bateratzearekin. Horrek emakumeen eskubideen eta askatasunen murrizketa nabarmena suposatu zuen; baina azken udaberri arabiarrarekin, emakume gazte ugari mugimendu desberdinetan parte hartzen hasi dira. Errealitate ezberdinak daude hiriko eta herriko emakumeen artean; helburu edota pentsamendu ezberdinak dituzte, baina egungo arazoei buruz hitz egitean bat datoz oso beharrezkoa dela gauzak aldatzea.
Etorkizuna zelan ikusten duzue?
Ramay: Gogorragoa izango dela uste dut; batetik, muturreko ideiengatik; eta bestetik, nazioarteko agentzia batzuk Pakistango problematikan sartu direlako.
Strzelecka: Udaberri arabiarrean, emakume gazteek bultzatutako mugimendu interesgarriak sortu dira; ondo hezitutakoak izateaz gain, jomuga handiak dituzte. Ez dute euren amek edota amonek izandako bizimodua izan nahi. Beraien bizitzetan erabakitzeko aukera izan nahi dute, independentzia eta burujabetza handiagoa nahi dute.
Eta zuek hemengo emakumeen egoera zelan ikusten duzue?
Ramay: Dakidanagatik emakumeen eskubideak bermatzen dituen egitura eta marko legala dago. Gu, barriz, marko eta egitura horiek lortzeko borroka luze batean gabiltza, eta irabazteko asmotan, gainera.
Strzelecka: Euskal Herrian zein Yemenen, arazoa sistema kapitalistala dela esango nuke. Gaur egun herrialde ezberdinetako bi emakumek arazo orokor eta global berdinak partekatuko dituzte, oinarrian sistema honek sortutakoak direlako: berdintasuna ez bultzatzeaz gain, emakumeen lanaz baliatzen dira, doako lanaz.