Laguntza taldea sortu dute Bermeoko zaharren egoitzan familiar bat dutenentzat
Bizitzen Fundazioak eta Bermeoko Gizarte Ongizateko Udal Patronatuak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, eta zaharren egoitzan familiar bat duten pertsona horiei laguntza psikologikoa eskaintzea da taldearen helburua. Izan ere, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren arabera, “askotan, erruzko sentimendua, inpotentzia eta tristezia sentitzen dute horiek”.
Besteak beste, “portaera arazoen aurrean zelan erantzun behar den eta pertsona nagusiekin –batez ere, dementzia dutenekin– zelan komunikatu eta erlazionatu behar den” jorratuko dute aipatu laguntza talde horretan. Halaber, familiakoek eduki ditzaketen erantzun emozional negatiboak kudeatzen ikasteko aukera ere izango dute herritarrek talde horren bitartez.
Atzo jarri zuten martxan laguntza taldea eta bihar jarraituko dute bigarren saioagaz. Zaharren egoitzakoek jakinarazi dutenez, 6 pertsona bildu ziren atzoko saioan. “Oso ondo” joan zela eta “talde polita” batu zela azaldu dute. Nahiz eta jakin ez dela erreza bakoitzak bere egoera taldean azaltzea, jende gehiago animatzea espero dute zaharren egoitzakoek. Hala, hurrengo saioetan parte hartzeko aukera duela gogorarazi diete herritarrei, eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Hain zuzen, urrirako eta azarorako dituzte aurreikusita laguntza taldeko saioak. Guztira, zortzi saioa egingo dituzte, martitzen eta eguenetan, 17:30etik 19:00etara, Bermeoko Sancti Spritus zaharren egoitzan.
Aipatu saioetan parte hartzea doakoa da, eta interesa duenak zaharren egoitzan bertan eskuratu ahalko du horren gaineko informazioa.