Ezkur bilketan aritu ziren lagunak
Euskal Herriko III. Auzolan Topaketak egin dituzte asteburuan Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean. Euskal Herri osotik etorritako ehun bat lagun bildu dira topaketetan, eta bertan aurkeztu dute Auzolan Gida. Laster
www.auzolan.info webgunean eskegiko dute, ekarpenak egiteko edo eztabaidarako aukera zabalduz hilabeteko epean. Ondoren, gida osatu eta abenduan argitaratuko dute.
Hiru egunetan, hainbat arlo jorratu dituzte topaketetan. Azaldu dutenez, barikuan “Asturiesko lagunak” izan ziren Astran, lurrak modu kolektiboan lantzeko proiektua azaltzera. “Patatak eta eskanda izeneko hango antzinako gari mota bat ekoizteko elkartzen dira taldean, eta Asturies osoan hainbat talde badira. Abereek mugitutako tresnekin lantzen dute lurra, eta gainerako lan guztiak eskuz egiten dituzte. Lurrak gisa hortan lantzearekin abiatuta, talde-harremanetan oinarritutako esperientzia oso bat bizitzen dute (elkar ezagutza eta besta, asanbladak, egitasmo kolektiboak, auzolanak…)”. Afalostean, bestetik, Gipuzkoako Zapalduen antzerki-taldearen eskutik, “ariketa dinamiko bat” egin zuten, “ezarriak zaizkigun moldeetatik askatzeko bideak asmatuz”.
Zapatu goizean egin zuten Auzolan Gidaren zirriborroaren aurkezpena, eta hiru lantalde osatu zituzten ondorengo gaiak jorratzeko: tokiko haziak nola eskuratu eta zabaldu; ekonomia molde berri bat nola sustatu eta nola landu eraldaketa, banako eta kolektibo gisa, bi eremu horien arteko harremanean. Azaldu dutenez, azken talde horrek maiatzaren 1eko zubian beste topaketa batzuk egitea proposatu zuen, “
MaitemUHINduz. MUINera joz, harremanen alde afektibo-emozionalean (maitasun uhinak) sakontzeko”.
Beste hiru taldetan banatu ziren zapatu arratsaldean: “ogia egiteko tailerrean batzuk, Herri Kooperatibaren batzarrean beste batzuk eta elikadura ekoizpenari buruzkoan beste batzuk”. Gaiak landuta, Biodantza saio bat egin zuten, eta afalostean LaSaitu Trioren kontzertua izan zuten.
Domeka ere probetxuzkoa izan zen. Goizean hogei bat lagun aritu ziren ezkur bilketan. “Lehen saioa Arratzuko hariztian egin genuen, eta gero Gernika-Lumoko Juntetxera jo genuen. Han ezkur ederrak aurkitzeaz gainera, ingurukoen jakinmina piztu genuen, eta aukera izan genuen ezkurraren historiari eta jateko moduari buruz solasteko”. Astran bertan egindako bazkariarekin eman zituzten amaitutzat aurtengo topaketak. Esan dutenez, “hiru egunetan zehar, bilera eta solasaldiez haratago, haziak elkartrukatu eta horien gaineko ezagutzak partekatu ditugu. Astran egiten ari diren baratzerako babak eraman ditugu, eta horiek erein. Dirurik gabeko azokan, elikagaiak, arropak, liburuak eta jostailuak eraman eta hartu ditugu. Basotik bildutako elikagaiez (basa-landare zopak, gaztainak…), kalitatezko ale osoez (oloa, artatxikia, espelta-ogia, arroza…), eta etxeko barazki eta fruituez osatutako elikadura osasuntsu eta jasangarria izan dugu”. Asteburu bakarrean bizitakoa egunerokora hedatzeko gakoak asmatzeko.