Amaia Manzisidor, liburuagaz
Basaurin jaioa bada ere, ama mundakarra zuen Amaia Manzisidor Txirapozuk (Basauri, 1945), eta amuma, berriz, busturiarra. Txikitan denbora luzea eman du Mundakan, eta orain Busturian bizi da, nahiz eta Mundakan sarri egoten den. Duela gutxi hasi zen idazten. Denbora librea zuela eta, Bilboko Udalak eskaintzen zituen sormen literarioari buruzko ikastaro batzuetan eman zuen izena orain dela bost urte inguru, eta dagoeneko kalean du bere lehen eleberria: Bilbao Expediente 406. Mundakan aurkeztu du, eta Busturian egingo du gauza bera hilaren 24an, 19:00etan, liburutegian.
Zelan sartu zinen idaztearen munduan?
Orain dela urte batzuk, gaixotasun bat zela eta, denbora luzea eman behar izan nuen etxean. Jarduera lasaiak behar nituen, eta Bilboko Udala sormen literarioari buruzko ikastaro bat eskaintzen ari zela ikusi nuen. Gustuko izango nuelakoan, izena eman nuen. Asko irakurri izan dut betidanik, eta idaztea gustuko nuen, nahiz eta ez nuen askorik idazten. Ikastaroan hasi nintzenean, niretzako aurkikuntza bat izan zen idaztea. Aste bakoitzean gai bat ematen ziguten, eta gai horri buruz idatzi behar genuen, zenbait baldintza beteta. Oso ondo pasatzen genuen klaseetan sortzen genituen istorioak irakurtzen. Oraindik ere ikastaro horietan parte hartzen jarraitzen dut. Izan ere, aste bakoitzean gai bat landu behar dudanez, irudimena lantzeko eta bizitzeko balio didate.
‘Bilbao Expediente 406’ liburuak kontatzen duena ikastaro horretarako idatzitako istorioren batetik al dator?
Bai, egia esan, liburua ikastaroan eman zidaten gai batetik sortu da. Lanbide bati buruz idatzi behar genuen aste hartan, eta, hain zuzen ere, polizia batez idatzi behar nuen. Gara hartan, gainera, istorio oso luzeak ateratzen zitzaizkidan. Beraz, kontaketa idatzi nuen, baina gehiegi ez luzatzeko, zabalik utzi nuen, hau da, jarraitzeko moduan. Irakasleei asko gustatu zitzaien istorioa, eta harekin jarraitzeko gomendioa egin zidaten; hori bai, nire kabuz eta ikastarotik kanpora. Haiei jaramon egin, istorioagaz jarraitu, eta hemen dago liburua.
Zer kontatzen du istorioak?
Polizia-komisario baten istorioa. Hura eta haren laguntzailea dira protagonista nagusiak. Hilketa bat ikertu beharko dute, baina hilketa horrek hamar urte arinago gertatutako beste batekin du zerikusia. Hala ere, pertsonaien egunerokotasuna ere kontatzen du: beraien arteko harremanak, zer jaten duten… Xehetasunetan sartzen naiz. Bilbon girotuta dago, eta Bilbok leku handia du liburuan.
Nobela beltz modura definitu dizute eleberria.
Bai, baina beltza izateaz gain, kostunbrista ere bada.
Zaila izan al zen pertsonaiak sortzea?
Bai eta ez. Buruan nuen zelakoak izango ziren pertsonaia nagusiak. Nahiz eta nik buruan modu batera definituta nituen, gainontzeko pertsonaiek nahi zutena egiten zuten. Hau da, hasieran buruan nuen ideia hura aldatzen joan zen istorioa idatzi heinean. Pertsonaiek bizitza propioa zuten, eta beraiek aldatzen zituzten nire ideiak.
Argitaletxea aurkitzea zaila izan al da?
Behin liburua idatzita argitaletxeetara bialtzea erabakitzen duzun momentua da txarrena. 2010ean hasi nintzen eleberria idazten, eta bi urte eman ditut horretan. Ondoren, ia beste urtebetez alboratu nuen. Azkenean, ikastaroko irakasleei aurkeztu nien idatzitakoa, eta haiek idatzitakoa mugitzen hasteko gomendatu zidaten. Hori da gogorrena eta gutxien gustatzen dena; izan ere, ez da erraza baiezkoa jasotzea. Ikastaro bateko kide batek esan zidan Ediciones Betarekin harremanetan jartzeko, eta horren bitartez lortu nuen argitaratzea.
Hala ere, behin esku artean izanda, poztazuna emango du.
Bai, handia, baina urduritasun momentuak ere bizi nituen Bilboko Liburu Azokan aurkeztu gura zutelako eta guztia presaka egin zutelako. Azkenean, korrika ibiltzeagatik zenbait akats ere baditu, baina ilusio handia ematen du norberak idatzitako liburua kalean ikusteak. Bestalde, liburuaren aurkezpena oso ondo joan zen. Beldurra nuen ez nekielako zer gertatuko zen, baina oso polita izan zen, eta jende asko joan zen.
Zure txikitako herrian aurkezteko aukera izan duzu. Zelan joan zen aurkezpena?
Oso ondo. Emoziozko arrazoiak medio, Mundakan aurkeztu gura nuen nire lehen liburu hau. Hil honetako 24an, bestalde, Busturian aurkeztuko dut, 19:00etan, liburutegian.
Jasotako kritikak onak ala txarrak izan dira?
Irakurri dutenek, orokorrean, gustuko izan dutela esan didate. Gainera, behin hasita, irakurtzen jarraitzeko gogoa ematen duela diote; irakurterraza dela ere aipatu didate. Hasieran emakumeen kritikak baino ez nituen jasotzen; andreek gehiago deitzen zidaten. Uste nuen ez zela gizonezkoentzako eleberria, baina gutxi-gutxika gizonezkoen kritikak jasotzen ere hasi naiz.
Jarraipena izango al du?
Hori da guztiek galdetzen didatena. Egia esan, eleberria zabalik utzi nuen, eta bigarren zati bat eduki dezake. Baina idaztea gogoz hartu behar da, eta momentu honetan beste gauza batera nago. Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den.
Eta beste istorio desberdin baten inguruan idaztea pentsatu al duzu?
Ez dakit, egia esan. Hainbat kontaketa ditut idatzita, eta agian horiekin zerbait egin nezake. Ideiak bai baditut, baina erdizka guztiak. Forma behar dute, eta baita amaiera bat ere. Familiarteko istorio batzuk ditut buruan, baina familiako istorioetan sartzea batzuetan arriskutsua da. Hortaz, horiek aurreragorako utziko ditut. Gauzak bai baditut, baina erdizka.