Joseba Madariaga bermeotarra
«Pozik» eta «ilusioz» dago Joseba Madariaga Bilbao (Bermeo,1972) datorren urtean Hawaiiko (AEB) IronMan munduko txapelketan egoteko zuzeneko txartela eskuratu duelako. Hain zuzen ere, irailaren 8an, Galesko IronManean bosgarren sailkatu zen Madariaga, 40 eta 45 urte bitartekoen kategorian. Hawaiiko IronManean izango den lehenengo bermeotarra da, «oso zaila baita sailkatzea. Busturialdetik, profesionaletan, Mikel Elgezabal gernikarrak parte hartu izan duela dio; amateur mailan, barriz, ez du uste eskualdeko beste inork parte hartu duenik.
Zenbat denbora daramazu kirol hau praktikatzen?
1988an hasi nintzen triatloiak egiten. Orduan, baina, ez zen gaur egun bezala; abentura modura egiten zen. Nik atletismoa egiten nuen, eta nire anaiak arrauna. Hala, anaia triatloiak egiten hasi zen, eta ni ere animatu nintzen. Zaletasuna handitzen joan da urteekin, eta gerora zenbait IronMane lasterketatan ere parte hartu izan dut.
Aurten zenbat probatan hartu duzu parte?
Bi IronMan egin ditut. Azkena, Galeskoa, irailaren 8an; eta Rothen (Alemania) ere izan nintzen. Orain dela 20 urte joan ginen lehenengoz Rotheko IronMana egitera Aritzatxu Triatloi Taldeko beste zenbait kide eta ni; eta aurten barriro errepikatu gura izan dugu. Zenbait triatloi ere egin ditut: Castrokoa (Kantabria, Espainia), Bilbokoa, Zarautzekoa, Senperekoa…
Igerian, korrikan edo bizikletan. Zer egiten zaizu zailen?
Niretzako igeri egitea da zailena, kirol oso teknikoa da. Txiki-txikitatik igeri egiten duten umeak gu baino hobeto moldatzen dira. Bestalde, bizikletan ibiltzearena eta korrikan egitearena praktikatzea besterik ez da. Bizikletan nahiko ondo ibiltzen naiz, baina ondoen korrikan ibiltzen naiz. Nire kasuan, nahiko erregularra naiz. Hiru gauzetan ez naiz onenetarikoa baina txarrenetarikoa ere ez.
Asko entrenatzea eskatzen al du?
Egia esan, bai. Hala ere, nik beti entrenatu izan dut; hortaz ,bardin dit triatloien denboraldia den ala ez. Zenbait momentutan atsedena hartzea erabakitzen dut, orain nagoen moduan, baina aspertu egiten naiz. Falta nabaritzen dut. Prestatzeko modu ezbardinak daude; irabaztera joan zaitezke, edo probak amaitzeko helburuarekin bakarrik. Bakoitzaren bizimoduaren araberakoa ere bada, nik lan egiten dut eta seme-alabak ditut. Beraz, ahal dudanetan entrenatzen dut. Astelehenetik barikura igerian eta korrikan ibiltzen naiz, tartekatuta. Txirrinduan ibiltzera, barriz, asteburuan joaten gara.
Fisiko ona izatea baino gehiago behar al da?
Baietz esango nuke. Uste dut, mota honetako erresistentzia probek fisikoz oso ondo egotea eskatzen badute ere, ezinbestekoada burua lekuan mantentzea, alde psikologikoa garrantzitsua da. Hau da, proba egiten ari zarela bada une bat zeinetan gorputzak ez duen erantzuten buruak aginduak ematen ez baditu. Adibidez, Galesko IronMana amaitzeko hamar ordu eta erdi behar izan nituen. Beraz, bederatzi ordu daramatzazunean, fisikoki zatituta zaude eta burua da aurrera jarraitzeko aginduak ematen dituena.
Galesera sailkapenaren bila joan al zinen?
Bai, hala da. Ahalik eta posturik gorenean geratzea nuen helburu, denbora kontuan izan gabe. Lehenengo zazpien artean amaitu behar nuen proba. Alemaniara, barriz, proba ahalik eta arinen amaitzera joan nintzen, lasterketa hori ez baitago Hawaiikora sailkatzeko zirkuituaren baitan. 9 ordu eta 24 minututan egin nuen Rotheko IronMana. Nire markarik onena 9 ordu eta 22 minutukoa da.
2014ko urrian izango da Hawaiiko IronMana.
Modu bereziren batean prestatuko al zara?
Denboraldia ezberdin planifikatu beharko dut. Izan ere, normalean, uda izaten da punturik gorena; datorren urtean, aldiz, urria izango da. Beraz, planifikazioa zerbait atzeratu beharko dugu.
Oraindik denbora baduzu, baina helbururen bat ba al duzu Hawaiiko proba horretarako?
Ahalik eta hoberen ibiltzea da nire helburu bakarra, baita lasterketa amaitzea ere. Esaten dutenez, lasterketa hark ez du gainontzekoekin zerikusirik. Zailtasunik handienak beroa eta hezedura izan daitezke. Esperientzia barria izango da niretzat, munduko profesional onenak izango baitira bertan. Saria, beraz, bertan egotea da, oso zaila baita sailkatzea.
Hawaiira joateko dirua, zure poltsikotik atera behar duzu?
Nik ez dut inongo ezta inoren laguntzarik, ez naiz profesionala. Bidaia bakarrik diru asko da eta parte hartzea ere ordaindu behar da. Izena ematea soilik 500 euro izango da. Bestalde, gutxi gorabehera, astebete eman beharko dut han, egokitzeko. Beraz, gauza asko dira. Hala ere, uste dut Hawaiira joatea gauza handia dela. Ni naiz, momentuz, bermeotar bakarra. Busturialdetik ere profesional bakarra izan da proba hartan, Mikel Elgezabal. Espainiatik urtero 25 lagun inguru joaten dira. Nahiko zaila da lehiaketa hartarako sailkatzea. Beraz, hortik abiatuta, dossier itxurako zerbait eta webgune bat prestatzen ari naiz herriko enpresatan aurkezteko. Ea modu horretan posible dudan diru laguntzaren bat lortzea.
Denbora asko eskatzen duen kirol horretan, familiaren babesa garrantzitsua al da?
Bai, noski. Entrenatzeak ordu asko eskatzen ditu, eta horretarako etxean ere nork lagundu izan behar duzu. Lagundu ez ezik, nork ulertu, gainera. Eskerrak eman behar dizkiet bai emazteari eta baita seme-alabei ere, ematen didaten babesagatik. Denok ditugu zereginak, baina momenturen batean horiek utzi behar ditut beste hori egiteko, eta tarte horretan egin beharrekoak egin barik gelditzen dira. Beraz, ezinbestekoa da elkar ulertzea egotea familiarekin. Aste barruan saiatzen naiz umeak lo daudela ateratzen. Askotan, 23:00ak inguruan joan izan naiz korrika egitera. Asteburuetan, barriz, bizikletan ibiltzeko laupabost ordu behar ditut, eta entrenatzera goizean goiz atera arren, ordu asko dira etxetik kanpo egoteko.
Eta Bermeon, nola ikusten duzu triatloietarako harrobia?
Aritzatxu Triatloi Taldean gazte gutxi daude gaur egun; hain zuzen ere, taldean gauden gehienak nire adin bueltakoak gara. Sakrifizio handia eskatzen duen kirola da triatloia; hala ere, futbolean ez eze, gainontzeko kiroletan ere ez da gazteen mugimendurik nabari. Uste dut krisialdi bat bizi dutela.