‘Hondartza denontzat’ programa, Mundakako Laidatxun
Elbarriren bat edo mugikortasun arazoa daukaten pertsonei bainua hartzen laguntzeko programak hamar urte bete ditu aurten, emaitza guztiz positiboagaz bete ere. Hain zuzen, Bizkaiko hondartzetan 5.075 zerbitzu eskaini ditu 2013ko denboraldian. Busturialdeari dagokionez, Mundakako Laidatxun baino ez da egon programa martxan, eta datu oso onak eman ditu. Izan ere, 816 zerbitzu eskaini ditu aurtengo ekitaldian, iaz Laidan baino 404 gehiago.
Programa martxan jartzeko irisgarritasuna hobetzeko obrak egin ditu Aldundiak Laidatxun. Hain justu, egurrezko arrapala bat jarri du hareatzaraino bertaraino iristeko, eta, horrez gain, beste espaloi bat egin du, Portuondoko sarbidearekin lotzeko. Obrak egiteko 476.000 euroko inbertsioa egin zuen erakundeak.
Bestalde, hondartza denboraldia amaituta, ekitaldiaren balorazioa egin du Bizkaiko Aldundiak, aurten egindako azterlanaren emaitzak plazaratuz. Erabiltzaileen artean “gogobetetasun maila handia” izan dela da ondorio nagusia, eta, Aldundiaren arabera, “Bizkaiko hondartzen indarguneak uraren garbitasuna eta kalitatea eta segurtasuna dira”. Gainera, Bizkaiko 28 hondartzetatik baloraziorik onena lortu dutenak Aritzatxu, Laga eta Laida dira, Karraspiorekin batera.
Uraren kalitatea, ona
Oro har, hondartzen uraren kalitatea ona izan da aurten ere. Baloraziorik onenak jaso dituztenak Aritzatxu (8,80), Laga (8,11) eta Ogella (7,95) izan dira. “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egiten dituen osasun-kontrolen arabera, Bizkaiko hondartza guztiek jaso dute Bikain kalifikazioa, Toñak eta Areetak izan ezik”.
Ibarrangeluko Laga hondartza
Bestalde, zerbitzuen eta azpiegituren inguruko asebetetze maila ere ona da. Aritzatxuk adierazlerik altuenetarikoa lortu du, beste hondartza batzuk besteko zerbitzurik eduki ez arren. Aldundiak dioenez, “unean-unean hobetu beharreko alderdiak erregistratzen diren arren, ez dela ekipamendu gehiagorik eskatzen ondorioztatzen da” balorazio horretatik.
Urtero legez, Laga hondartzak izan du erabiltzaile gehien aurten ere. Hain zuzen, 496.320 pertsona zenbatu ditu Aldundiak Ibarrangeluko hondartza horretan. Laida izan da bigarren erabiliena, 169.698 pertsonarekin. Aritzatxuk 26.476 erabiltzaile izan ditu, Hondartzapek 7.080, Laidatxuk 40.411, Toñak 41.792, San Antoniok 75.732, Kanalapek 4.584, Kanalak 261 eta Eak 80.312. Hortaz, denetara 942.666 erabiltzaile izan dituzte Busturialdeko hondartzek.
Uztailaren 7an eta abuztuaren 15ean izan zen jende kopururik handiena Bizkaiko 28 hondartzetan. Esaterako, 23.000 erabiltzaileak gainditu zituen Ibarrangeluko hareatzak uztailaren 7an.