Irudian, 2013ko taldea
Gernikesa Txirrindulari taldea 1958an sortu zuen Augusto Unzetak, hiru helburu nagusi zituela: kirola, txirrindularitza eta lagunartekotasuna sustatzea. Duela 29 urte inguru, bestalde, Jesus Ruiz txirrindulari profesional ohiak taldearen gidaritza hartu zuen, Gernikesako aintzindariek egindako lanari jarraipena emateko. «Nekatuta» dagoela eta, baina, taldea uztea erabaki du oraintsu. Hortaz, ez da berriro errepidera aterako. Taldeak lasterketak albo batera utzi dituen arren, Gernikesak bizirik jarraituko duela baieztatu du Ruizek. «Busturialdeko lasterketak antolatzen jarraituko dute, baina txirrindulari talde bat errepidera atera barik».
Gernikarrak dioenez, pena bat da lasterketak utzi behar izatea, baina oso gogorra da astebururo hiru edo lau proba lehiatzea. «Azkenaldian gogo barik joaten nintzen lasterketetara, eta txirrindulariei ez nien gozatzeko grina transmititzen». Hala, taldea uztea erabaki zuen. Dena den, txirrindularitzaren mundua ez du guztiz alboratuko, baina lasaiago aritu nahi du.
Taldeak lasterketak utziko ditu, baina itzuleraren ateak zabalik daudela dio Ruizek. Azaldu duenez, norbaitek taldearen gidaritza hartu gura izanez gero, ez dute trabarik jarriko. Hala ere, txirrindulari ohia ez da batere baikorra. «Denbora asko exijitzen du txirrindulari talde batek, eta zaila izango da norbait agertzea». Gizarte eredua bera ere kontra dagoela uste du, jendeak ez baitu horrelako ardurarik hartu nahi.
Txirrindularitza lasterketak ez lehiatzeko erabakia hartuta, Gernika-Lumoko kirolari gazteak Busturiko taldera joango dira. Ruizek azaldu duenez, «ilusioa duten txirrindulariek bizipoz hori ez galtzea nahi genuen, eta erabaki egokiena dela deritzogu». Jakinarazi duenez, gaztetxo, kadete eta gazte mailetako txirrindulariak hartuko dituzte busturiarrek.
Bi taldeen arteko akordioa
Hasiera batean beldur apur bat agertu zuten Busturikoek, baina azkenean akordio batera heldu ziren bi taldeak: txirrindulari gazteek Busturiko taldearen elastikoa jantziko dute lasterketetan, eta Gernikesaren material guztia Busturiko taldearen jabetza izatera pasako dira; tartean, kotxeak. Modu horretan guztiek irabazten dutela deritzo Ruizek.
Presidente ohiak nabarmendu duenez, Zornotzako edo Mungiako taldeetan ere hartuko lituzkete bertoko txirrindulariak, baina Busturikoa aukera hoberena dela uste du. «Gernika-Lumotik hurbil joango dira txirrindulariak, eta eguneroko lana asko erraztuko du hurbiltasun horrek».
Gernikesarena gertuko kasu bat da, baina inguruko talde guztiak «nahiko txarto» daude, Ruizen hitzetan, ez baitago erreleboa hartuko duen jenderik. Hala, txirrindularitzak beheraka jarraituko duela deritzo.
Bizitza osoa bizikletari lotuta
Ruizek bizitza osoa eman du txirrindularitzaren munduagaz harremanetan. Txirrindulari profesionala izan zen, Gernikesako presidentea, nazioarteko lasterketetan mekanikari, eta Bizkaiko, Euskal Herriko eta Espainiako selekzioetako kide. Hortaz, bizipen asko dauzka barruan gordeta.
Txirrindulari ohiaren berbetan, «gauza on eta txar asko pasatu zaizkit ibilbide horretan». Gernikesari buruz berba eginez gero, lorpen garrantzitsu bat aipatu du: taldean aritu diren bost kirolari profesional mailara heldu dira. Hain zuzen, Gorka eta Enrique Gerrikagoitia anaiak, Rafa Mateos, Andoni Lafuente eta Peio Bilbao Gernikesa taldearen harrobian hezi zituzten. Dioenez, hainbat urtetan zehar egindako lanaren emaitza dira.
Momenturik txarrena, bestalde, duela zenbait urte izan zuen istripua izan zen. Txirrindularitza taldearen enkargu bat egiten zebilen, eta auto bat gurutzatu zitzaion errepide erdian. Istripu horren eraginez, ia hiru urte egin zituen bajan.
Ia-ia errepidean bizitza utzi arren, Ruiz ez da damutzen Gernikesaren parte izateaz. Dioenez, esperientzia on zein txar guztiak izan dira aberasgarriak. «Behintzat, bizipen horiek gogora ditzaket orain».
Biziki gogoratzen duen gertaera horietako bat 1983ko bat da. «Urte horretako uholdeei hasiera eman genien», dio, barre artean. 16:00ak ziren, eta lasterketa hastear zegoen. Zerua beltz-beltz zegoen, eta irteera emateagaz batera euria hasi zen. «Lasterketa lehiatu genuen, eta hurrengo egunetan uholdeen berri izan genuen».
Beste behin, bestalde, sariak banatzeko agertokiak hegan egin zuen San Romaneko lasterketa prestatzen zeudela. Milaka kilo zituen egitura bat mugitu zuen haizeak, arbola baten kontra botaz. «Eskerrak zuhaitz hori zegoela, bestela agertokiak bueltaka jarraituko luke».
Eskualdean zaletasun handia
Ruizen berbetan, Busturialdean bizikletan ibiltzeko zaletasun handia izan da betidanik. Dioenez, taldearen historian 600 txirrindularitik gora batu dituzte. «Txirrindulari hoberenak herri txikietakoak ziren, eta, bereziki, Muxikakoak». Ruizen ustez, Bizkaiko txirrindularitzaren harrobietako bat da bertoko herria.
Iraganeko garaiak, baina, hobeak zirela deritzo. «Herri guztietan antolatzen zituzten lasterketak, mendiko txapelketa jokatzen zen Solluben, eta Espainiako itzulia beti pasatzen zen bertatik».
Gaur egun, aldiz, zaletasuna galtzen doala deritzo, baina ez da txirrindularitzaren errua. Ruizen berbetan, kirol federatu gehienek beherakada bat izan dute. Azken urteetan, esaterako, Gernikesaren txirrindulari kopuruak nabarmen egin du behera.