
Julen Urdaibai Coloradoko arroilan
Beste behin ere, helburua beteta bueltatu da Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra; Coloradoko arroilako Grand to Grand lasterketa amaituta, alegia. Garrantzia ematen ez badio ere, 120 parte hartzaileren artean 11. sailkatu da Urdaibai. «Pozik» bueltatu dela dio, arlo askotan «asetuta» etorri baita.
273 kilometro egin behar izan ditu bermeotarrak, sei etapa ezberdinetan. Guztia, hamar kilo inguruko gainkargarekin. Antolatzaileek ura bakarrik jarri dute parte hartzaileen eskura, zazpi egunetarako behar zuen gainontzeko guztia, barriz, aldean eroan du Urdaibaik proba osoan. Lehenengo hiru egunen «gogortasuna» nabarmendu du, «etaparik gogorrenak lehenengo hiru egunetan izan ziren 50, 43 eta 85 kilometrokoak ziren. Lehenengo egunetan motxilako pisu guztiarekin goaz oraindik».
85 kilometro 16 ordutan
Lasterketaren hirugarren egunean 16 ordu egin zituen korrikan Urdaibaik 85 kilometroko proba amaitzeko, «oso gogorra da, astakeri bat». Egun horretan 12. sailkatu zela gogorarazten du. Egun «zaila» legez gogoratzen du, gainera, hirugarren egun hori. «Sailkapeneko lehenengo 11k, gainontzeko parte hartzaileak baino bi ordu beranduago hasi genuen proba. Beraiek 08:00etan eta gu 10:00etan. Neurri horrek lehenengo sailkatuen aurka egiten du, gaueko ordu gehiago hartzea suposatzen duelako. Bestalde, dunetatik ere korrikan egin behar izan dugu, eta gure aurretik zihoazen 100 pertsonek dagoeneko horiek zapalduta zituzten gu heltzen ginenerako eta harea deseginda zegoen. Lau hankatan igoteko moduko dunak ziren».
Arizonara joan aurretik bazekien egunak beroak zirela han, eta gauak, aldiz, oso hotzak. Hala ere, azken gauak uste baino hotzagoak izan zirela aipatu du, «banekien izugarrizko aldea egongo zela egunetik gauera. Hala ere, esan ziguten, muturrera jota gauez 0 gradutan egon gintezkeela eta -7ra egon gara. Egunez, barriz, 35 gradu ingurutara egon gara, baina ez dut Amazonian edo Saharan besteko berorik nabaritu izan».
Asko ikasteko balio izan dio
«Asetuta» etorri dela dio korrikalari bermeotarrak, eta arlo askotan asetuta, gainera: «ingurua benetan ikusgarria izan da; Coloradoko arroila, basamortua…nahiz eta gutxi gorabehera badakigun zelakoa den arroila, bertan egotea eta zuzenean ikusi ahal izatea izugarria da. Bestalde, pozik nago, baita ere, lasterketa polito egin dudalako». Hain zuzen, 11. postuan amaitu du lasterketa. Hala ere, postua edo sailkapena alde batera utzita, garrantzia ematen dio lasterketa amaitu ahal izanari, hori baitzen haren helburua. Hobeto ere egin ahal izan duela uste du, lehenengo etapan bosgarren egin baitzuen edota bigarrenean bederatzigarren sailkatu zen. Bere burua gai ikusi zuen lehenengo hamarren artean egoteko.
AEBtako lasterketa horrek, gainera, «asko ikasteko» balio izan diola aipatzen du: «hiruzpalau urte daramatzat honetan eta uste nuen ia dena menperatuta nuela, eta ez da horrela. Oraindik ere, ikasteko gauza asko ditut eta hobetzeko aukera ere bai». Gainontzeko parte hartzaileekin egoteak, ikasten laguntzen duela azaldu du Urdaibaik, «momentu honetan munduko korrikalari onena denarekin egon naiz eta pilo bat ikasi dut. Motxilan zeramana erakutsi zidan, beste batzuek egiten ez duten modura». Lasterketa mota horretara eroatea beharrezkoa den materialaz eta elikaduraz asko ikasi duela esan du Urdaibaik. «Han hartutako xehetasun guztiak, bueltako hegazkinean jaso ditut hurrengorako», dio. Ikasi duen guzti horrengatik, batez ere, «oso pozik» bueltatu dela adierazi du, lortu duen postuagatik baino gehiago. «Jendeak, agian, garrantzia ematen dio sailkapenari. Ni oraingoan konturatu naiz asko daukadala ikasteko eta horrek poztu egiten nau».
Momentuz, buruan ez du beste erronkarik. Urdaibairen esanetan, «gorputza ondo daukat, barriro entrenatzen hasteko moduan. Baina psikologikoki tarte bat behar dut, batez ere, familiagatik». Hala ere, Everestera joateko gogoz dago, «ez tontorrera, baizik eta ingurutik etapaka egiten diren lasterketetara». Oihanera bueltatzea ere gustatuko litzaioke, «asko gustatu zitzaidan Amazonia». Bestalde, lasterketa solidarioren batean parte hartzea ere buruan du iaztik, «baina ez dakit zertan geratuko den».