Pete Cenarrusa, artxiboko irudian
Idohoko Estatu idazkari ohi Pete Cenarrusaren hileta-elizkizuna 16:00etatik aurrera jarraitu ahal izango da,
www.ktvb.com webgunean. 95 urte zituela hil zen joan den domekan euskal jatorria zeukan eta AEBetan euskal kultura eta euskara sustatzen jardun zuen politikaria. Jose Zenarruza munitibartarra zen haren aita, eta Ramona Gardoki gernikarra ama.
1967. urtetik 2003. urtera arte Idahoko (AEB) Estatu idazkari izandakoak konpromiso handia erakutsi zuen bere sustraiekiko. AEBetan euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana dela eta, 2001ean, Sabino Arana Fundazioaren Euskaldun Unibertsal izendapena jaso zuen, eta 2010ean, berriz, Bizkaitar Argia saria.
Bere izena daroan Euskal Ikasketen Zentroa jarri zuen martxan 2003an Boiseko Unibertsitatean, eta Boiseko ikastolako sortzaile ere izan zen. Euskal politikagintzaren arloan ere ekarpenak egin zituen. 2002an, esaterako, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpena sustatu zuen, eta 2012an hark zuzendutako Foundation for Basque Culture elkarteak bake prozesuarekiko itxaropena azaltzen zuen adierazpen bat sustatu zuten Idahoko Estatu Gaietarako Batzordean.
Udalbiltzarekin ere jardun izan du elkarlanean. Nazio instituzioak 2002an Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen Donostian, eta ekitaldiko Ohorezko Batzordeko kideetakoa izan zen. Bost kontinenteetako ordezkariak etorri ziren, eta arduradun instituzional garrantzitsuek, adituek eta estaturik gabeko nazioetako ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste.
Herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpena onartu zen. Euskal gatazka politikoa «autodeterminazio bidez gaindituko» dela esan zuen Pete Cenarrusak. Euskaldunek «batak bestea apurtu barik bat egin» behar leketela uste zuen.
Egindako ekarpena dela eta, AEBetan ez ezik Euskal Herrian ere oihartzun handia izan du haren heriotzak.