Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa jokatuko dute sei bertsolarik Markina-Xemeinen; horien artean izango da Onintza Enbeita (Muxika, 1979) muxikarra. Hirugarren aldia du Txapelketa Nagusian.
Ze esperantzagaz ariko zara bertsotan zapatuko kanporaketan?
Esperantza beti eduki behar da aurrera egiteko. Ez bagenuke esperantzarik edukiko ez ginateke txapelketara aurkeztuko. Dena den, oso konsziente naiz kanporaketa gaitza izango dela, maila altua dago eta. Ahal dudana egingo dut nik, eta ea zer lortzen dudan.
Nola ikusten duzu zure burua, beste bosten aurrean?
Bizkaiko txapelduna dago boskote horretan; udan zehar, oso ondo aritu da bertsotan, eta beste maila batean dagoela uste dut. Gainontzekoak antzera ibiliko gara; gure herrialdeko finaletan eta aritutakoak gara. Baina, azken finean, akats txikia egiten duen hori dago kanpoan geratzeko arriskuan.
Nola prestatu zara kanporaketan aritzeko?
Betiko antzera: lagunekin bertsotan aritu izan naiz, eta, horrez gain, etxeko lanak ere egin ditut: alegia, erritmak eta halakoak prestatu ditut.
Final handira begira, nor ikusten duzu faborito?
Aurreko txapelketako zazpi finalista daude aurten ere, eta uste dut berriro finalean egoteko aukera handiak dituztela erakutsi dutela lau urtetan. Igor Elortza ere, hor dago, nahiz eta aurrekoan finalera ez sartu, bi finaletan egona da; beraz, zer eman badu. Horiez gain, badaude finalean izateko moduko bertsolariak: Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto, esaterako. Lehia handia izango da; akatsen bat egiten duenak garesti ordainduko du, akatsik egingo ez duen jende asko izango da.
Eta zure burua ikusten al duzu Euskal Herriko finalean?
Pasatuko banintz, ikaragarria izango litzateke, baina oraindik egongo da horretarako astia ere.
Markina-Xemeingo kanporaketa
Zer. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa.
Noiz. Bbihar, 17:30ean.
Non. Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Parte hartzaileak. Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.
Sarrerak. Sarrera arrunta hamar euro; gazteentzako sarrera lau euro; bazkideentzako sarrera 7 euro. Salgai http://bertsosarrerak.eu webgunean.
Hurrengo saioa. Urriaren 12an, Hendaian. Bertsolariak: Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.