Delitu Ekonomikoen Fiskaltzak Beruala auziko ustezko delituak ikertuko ditu
Delitu Ekonomikoen Fiskaltzaren esku-hartzea eskatu du Bermeoko San Martin auzoko Babes Ofizialeko 38 Etxebizitzen eraikinean irregulartasun urbanistikoak egon diren aztertzen ari den epaileak. Auzi horretan egon daitezkeen ustezko delituen berri ematea eskatu dio Fiskaltzari Gernika-Lumoko instrukzioko 1. zenbakiko epaitegiko epaileak. Izan ere, joan den legealdian Berualaren kudeaketan prebarikazio delitua eta delitu sozietarioa egitea leporatzen diete Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiari eta Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziari. Josu Azaola Berualako kudeatzaile ohiari, barriz, delitu sozietarioa egitea egotzi diote.
Delitu Ekonomikoen Fiskaltzak, hortaz, Beruala auzian inputatuta dauden hiruren txostenak egin beharko ditu epailearentzako. Txosten horiek hilaren 30a baino lehen eduki nahi ditu epaileak, egun horretarako deitu baitu deklaratzera Bermeoko Udaleko arkitektoa, lekuko modura. Berualako abokatu Jose Luis Soldevillaren arabera, baina, «nahiz eta txostenak egun horretarako prest izan beharko liratekeen, Delitu Ekonomikoen Fiskaltza zelan dagoen ikusita, ez nuke esango egun horretarako egongo direnik».
Soldevillak, bestalde, froga berriak eskatuko dituela jakinarazi du, «lekukoenak eta dokumentalak». Froga horiek, urriaren 30erako, autoetan jasota egotea «interesgarria» litzatekeela dio Berualako abokatuak, «horien inguruko galderak egin ahal izateko udaleko arkitektoari. Bera baita auzi honetan gauza asko argitu dezakeen pertsona».