Delitu ekologikoa egitea leporatuta, bermeotar bi epaitu dituzte Senegalen
Almadraba Uno ontziko J.A patroia eta J.A.A kapitaina dira, hain zuzen ere, kartzelaratuta daudenak, biak bermeotarrak. Delitu ekologiko bat egitea leporatzen diete, lan egiten duten atunontzia babestutako gune batean hondoa jo ondoren, Magdalena uharteko parke naturalean, hain zuzen. Galiziako Petusa enpresaren atunontzia da Almadraba Uno.
Almadraba Uno atunontziak Senegalko kostaldeko babestutako gune batean hondoa jo zuen abuztuaren 2an. Ordutik ontziko kapitaina eta patroia inkomunikatuta eta atxilotuta dituzte. Ustezko delitu ekologikoa egitea leporatzen diete eta atzo epaitu zituzten. Zenbait komunikabideren arabera, epaia datorren asterako espero da.
Atzo egindako epaiketan baldintzapeko askatasuna ukatu zieten, eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta zigor ekonomikoa jartzeko arriskua dute. Enpresari 3,5 milioi euroko ordaina eskatzen diote egindako kalte ekologikoengatik. Ontziak hondoa jo zuenean olioaren 400.000 litroren %75 atera zituzten, baina Senegalek uste du egindako kaltea, hala ere, handia dela.
Eusko Jaurlaritza “itxaropentsu”
Senegalen epaituak izan diren bi arrantzaleak bizi duten egoeraren aurrean “itxaropentsu” agertu da Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, eta horiek “ahalik eta arinen etxera bueltatzea” espero duela aipatu du goizeon.
Erkorekak jakinarazi duenez, arrantzaleen eta horien familien arteko komunikazio zuzenik ez dago, bi atxilotuei telefono mugikorrak kendu zizkietelako. Bestalde, azaldu duenaren arabera, Jaurlaritza duela bi aste jarri zen harremanetan bai atxilotatu dauden bi arrantzaleen familiakoekin, eta baita Espainiako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Ministeritzarekin ere: “gure kezka agertzeko batetik, eta egin beharreko kudeaketak arintzeko bestetik”. Familiekin, gainera, etengabeko harremanetan dagoela adierazi du.
Auzi honetan zeresana duten alde guztiek “zuhurtziaz” jokatzeko eskaera egin zietela eta, orain arte ez dutela ezer aireratu nahi izan azaldu du Erkorekak. Haren esanetan, “Senegaletik datorzkigun informazioen arabera, arazoa bideratuta egon daiteke. Herenegun izan zen epaiketa eta abokatua itxaropentsu eta baikor agertu da. Gauzak ondo badoaz, posible liteke datorren asterako epaia egotea, eta horren ondorioz arrantzaleak aske geratzea eta etxera bueltatu ahal izatea”. Hala ere, horrelako kasuetan “zuhurtziaz” jokatzea eta “espekulazio gehiegirik ez egitea” beharrezkoa dela aipatu du Jaurlaritzako bozeramaileak: “Afrikako estatu batetaz ari gara eta informazioak, jardun juridikoak eta sistema judizialaren fidagarritasuna bereziak dira”.
Alakranaren bahiketa ekarri du gogora Erkorekak; izan ere lau urte beteko dira Bermeoko atunontzia atxilotu zutenetik. Egoera “guztiz ezberdinak” badira ere, “zerikusirik ez dutelako” haren iritziz, berriro ere ur tropikaletan arrantzatzen dabiltzan atunontzietako arrantzaleengandik “kezka” agertu beharrean daudela azaldu du.
Bermeoko Udala familiarekin harremanetan jarri da
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak Bermeoko bi arrantzaleen egoeragatik “kezka” eta “ardura” agertu du. Hala ere, “baikor” agertu da eta “ahalik eta arinen etxean izatea” espero duela adierazi du. Jakinarazi duenez, Senegalen atxilotatu dauden bi arrantzaleen familiarekin harremanetan jarri da babesa adierazteko.