Gaizka Insunza, Ager Insunza eta Hannot Mintegia
ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Gaizka eta Ager Insunza anaiak eta Hannot Mintegia Audience musika taldeko kideak dira. Andoni Lauzirika eta Mikel Sagarna taldekideekin batera, AEBetan izan ziren abuztuan, Big Affair disko berria grabatzen. AEBetan grabatutakoa taldearen zazpigarren diskoa izango da, eta atlantikoaren bestaldeko ikutua daukala deritzote gernikarrek. Big Affair urtebetean taldeak grabatu duen bigarren diskoa izan da, uda hasieran Mistress Games kaleratu baitzuten gernikarrek. Zapatuan disko berriko zenbait abesti aurkeztuko dituzte Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etatik aurrera.
AEBetan izan zarete taldearen azken diskoa grabatzen. Zer moduz esperientzia?
Gaizka Insunza: Esperientzia oso ona izan da. New York musikaren eta sorkuntzaren hiri garrantzitsuenetako bat da, eta bertan egotea ikaragarria izan da. Teknikari eta ekoizle oso onekin aritu gara lanean, eta bizipen harrigarria izan da. Arlo teknikoan zein pertsonalean, bidaia oso aberasgarria izan dela deritzogu. Disko bat grabatzerakoan prozesua ere oso garrantzitsua da, eta AEBetan prozesu hori oso naturala izan da. Beldur apur bategaz joan ginen, nora gindoazen ez baikenekien, baina azkar uxatu genituen gure mamuak.
Grabatzeko modua berdina da Euskal Herrian eta AEBetan?
Ager Insunza: Hemengo pentsaeragaz alderatuz gero, aldaketa handiena AEBetako oparotasuna da. Amerikarrek handitasunez pentsatzen dute beti; dena daukate, eta asko. Egin nahi genuenari guk jartzen genizkion mugak, proiektuaren goiko puntuan kokatuz. Hala, sorkuntza beti joan da arlo teknikoaren aurretik. Hamar egun behar izan ditugu diskoa grabatzeko; baina, kontuak ateraz gero, zortzi edo bederatzi egunekin nahikoa izango genuke.
Mintegia: Lehenengo aldiz, presio barik heldu gara grabaketaren azken egunera. Konponketa txikiak bakarrik egin genituen azken egunean.
Emaitza berdina izango litzateke diskoa Euskal Herrian grabatuz gero?
Gaizka: Nik ezetz esango nuke.
Ager: Hala ere, emaitza ez litzateke desberdina izango hango baliabideak Euskal Herrian izanez gero. Diskoa Grammy bat irabazteko izango balitz bezala dago grabatuta. Euskal Herrian gauzak txikitasunean egitera ohituta gaude, eta AEBetan gauza handiak egiten dituzte. Gure zale kritikoek aldaketa bat igarriko dute, diskoan zerbait desberdina baitago.
Erritmo eta soinu aldetik antzekoak dira Mistress Games eta Big Affear?
Mintegia: Sorkuntza momentu berdinean sortu ditugu disko bietako abestiak, baina AEBetako soinua igarriko dute zaleek. Hala ere, antzekotasunak dituzte disko biek.
Gaizka: Diskoen artean konparaketak egitea oso zaila izaten da guretzat. Gure diskoek oinarri komun bat daukatela uste dugu, baina aldaketak daude batetik bestera. Disko berdineko abestiak alderatzea ere oso zaila izanten da guretzat. Beti esan dugu ekleptikoak garela, guztiok konposatzen eta abesten baitugu. Hala, taldean sortzaile desberdinak daudenez, abesti batetik bestera ere aldaketa handiak egon daitezke. Big Affair diskoan ere baladak eta abesti nahiko gogorrak daude. Inork ez du esango diskoa guztiz desberdina denik aurrekoekin alderatuz gero, baina AEBetako ikutua igarriko dela deritzogu.
Ager: Lehenago esan bezala, diskoak zerbait desberdina daukala entzungo dute gure zale zorrotzek. Zaleei gustatzea espero dugu. Momentuz, diskoetxeko kideek eta portada egileak bakarrik entzun dute, baina pozik daude emaitzagaz.
Zapatuan zenbait abesti berri aurkeztuko dituzue Bilboko Kafe Antzokian, ezta?
Gaizka: Ez ditugu diskoko abesti guztiak aurkeztuko, baina batzuk bai. AEBetako abestien aurrerapen txiki bat egingo dugu, eta Mistress Games diskoaren errepasoa egingo dugu. Izan ere, oraindik zuku asko atera diezaiokegu disko horri. Modu berean, aurreko diskoetako zenbait abesti joko ditugu. Azken finean, gure ibilbidearen errepasoa egingo dugu.