Arrantzale eguneko kalejira
Jai Batzordeak eta Bermeoko Udalak aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaien balorazioa egin dute. Euriaren eragina nabaritu den arren, orokorrean, jendearen parte hartzea garrantzitsua izan dela aipatu dute. Hori bai, datorren urtera begira, Andra Mari hirugarrenari, hau da, irailaren 10ari, “buelta ematen” saiatuko direla aipatu du Aingeru Astui kultura zinegotziak: “Jai Batzordearen ustez, egun hori piztu behar da barriro, hau da, indarra ematen saiatu behar gara datorren urtera begira”. Orain arte, egun horretan su artifizialak egoten ziren. Iaz horiek ikustera hurbildu zen jende gutxia ikusita, aurten horiek kentzea erabaki zuen Jai Batzordeak eta “horiek balio dituzten 6.500 euroak beste gauza batzuetarako erabili”, dio Astuik. Hala ere, herritarren artean su arifizialen falta nabaritu izan dela nabarmendu dute, “askok horiek ikusteko ateratzen ziren kalera eta horrek giroa ere sortzen du”. Ez dakite zelan, baina, datorren urtera begira Jai Batzordearen erronka Andra Mari hirugarrenari indarra ematea izango da.
Jai egitarauari dagokionez, kale antzerkia izan ezik, ekitaldi guztiak egin ahal izan direla aipatu du gaurko prentsaurrekoan kultura zinegotziak: “egia da eguraldi txarra nabaritu egin dela, baina hala ere, jarduera ezberdinetan jendearen parte hartzea garrantzitsua izan da”. Hortaz, beste behin ere, jaien balorazio “positiboa” egin dute.
Egunik eskasena, euriagatik, irailaren 10a izan zela azaldu dute, “egun horretako jarduerak bertan behera geratu ziren eta beste egun batean egin ziren, kale antzerkia izan ezik, irailaren 16an ere euria egin zuelako”.
Txupinazoan batu zen jendetza eta irailaren 8an Urdaibaiko arraunlariei egindako harrera “hunkigarria” nabarmendu ditu Astuik. Bestalde, irailaren 14an herrian bildutako jendetza ere aipatu du, ” sukalkiaz gain, estropada ere egon zelako eta hainbat izan zirelako kanpotik etorritakoak”.
Jaietako balorazioa egiterako orduan ez dituzte ahaztu egun horietan herrian lanean ibili ziren suediarrak, “jarduera ezberdinetan parte hartu zuten”.
Herria garbi mantentzea lortu
Juan Karlos Agirre zerbitzuetako zinegotziak, bestalde, jai egunetako zerbitzuen balorazioa egin du eta “ipinitako errefortzuei esker, herria garbi mantentzea” lortu dela aipatu du. Hori lortzeko barrakak, salmenta postuek eta txosnek garbitasunarekiko izan duten “jarrera ona” nabarmendu du, gainera.
Jai eremua garbi mantentzeko, 528.000 litro ur erabili dituzte, joan den urtean baino %40 gehiago. Hori nabari egin dela dio Agirrek, “kaleak eta txosna inguruak garbi eta usain barik egon baitira”.
Urtero legez, talko hautsek sortzen dituzten ondorioak aipatu dituzte beste behin ere. Arazoak “berdin” jarraitzen duela diote. Garbitasun arazoez gain, segurtasun eta osasun arazoak ere sortzen direla zehaztu dute.
Ekintza bandalikoak aurten, beste batzuetan baino gutxiago izan direla jakinarazi du zerbitzuetako zinegotziak: barrakatako 10 hesi uretan aurkitu dituzte, lorontzi bat desagertu da eta Lamerako kioskoko elbarrituen komuna hondatuta agertu da.
Kulturako eta zerbitzuetako zinegotziek eskerrak eman gura izan dizkie jaietako 20 jarduera baino gehiagotan parte hartu duten Herri Babesako kideei, eta baita jaien antolakuntzan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei. Horien berbetan, beraien lana “ezinbestekoa” da jaiak ospatzeko.