Arrano arrantzale bat, Urdaibain. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzalea berrindartzeko eta berreskuratzeko martxan jarritako proiektuak bidea egiten darrai, eta oraingoan “sekulako ikuskizunaren lekuko izateko aukera” dakar. Izan ere, Urdaibain izan diren arrano arrantzaleek Afrikarako migrazioa hasi dutela eta, bost aleren bidaia satelite bidez jarraitzeko aukera ematen du eguaztenaz geroztik Gautegiz Arteagako zentroak,
www.birdcenter.org webgunearen bitartez.
Tolosan (Okzitania) dagoen Argos satelitetik jasotako datuak eguneratuko ditu Urdaibai Bird Centerrek. Hartara, “gure etxetik bertatik bost arranoekin batera bidaiatu ahal izango dugu. Haien gorabeheren lekuko izango gara, eta oztopo guztiak gaindituz haien neguko helmugara heltzen ote diren jakin ahal izango dugu”. Aranzadik kudeatzen duen zentroaren arabera, litekeena da arrano arrantzaleak Afrika tropikaleko herrialderen batera joatea, eta “bertan egongo dira gutxienez bi negu igarotzeko” .Hori bai, “Sahara desertuaren antzeko oztopo geografikoak, itsasarteetan gurutzatuko beharko dituzten haize bortitzak…” gainditu beharko dituzte, eta baita gizakiak jarriko dizkien oztopoak ere: “ezkutuko ehiza, argindarraren lineak edota hainbeste haize-errota dituzten parke eolikoak…”. Biziraunez gero, hiru urte baino gehiago dituztela itzuliko dira Urdaibaira.
Urdaibain espeziearen populazio ugalkor bat sortzea izanik proiektuaren helburua, atseden-tokiak eta plataformak jartzeko lanetan jarraituko du Urdaibai Bird Centerrek bien bitartean.
Argazkia: Urdaibai Bird Center
Bidaia luzea
Afrikarako bideari ekin orduko egindako ibilbidea ere ez da izan edozelakoa, Eskoziatik ekarri baitzituzten hamabi txita, joan den uztailean. Orduko hartan, Aberdeen-etik Madrilera eroan zituzten hegazkinez, Londresen eskala eginez. Ondoren, errepidez ekarri zituzten Urdaibaira. Madrilerainoko bidean proiektuaren aholkulari Roy Dennisek eta proiektuaren zuzendari Aitor Galarzak zaindu eta elikatu zituzten hegaztiak, eta Madriletik Busturialderako bidean Urdaibai Bird Centerreko arduraradunek.
Behin Urdaibain, laupabost astez egokitzapen-dorrean egon ziren arranoak, “harik eta inguru naturalean integratzeko adin egokia izan zuten arte”, eta, gainera, modu artifizialean elikatu zituzten. Urdaibai Bird Centerrek azaldu duenez, askatzeko ordua iristean, gauez zabaldu zituzten egokitzapen-dorrearen ateak, harrapariak prest sentitzerakoan atera zitezen.
Ale gehienei transmititzaile txiki bat jarri zieten lumajean, Urdaibain ziren artean euren kokapena ezagutzeko, eta gutxi batzuei jarri zieten satelite bidezko transmititzailea. Azken horren bidez, harraparien bizi-eremuak, migrazio-bideak eta negu-tokiak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste.
Besoetan hartutakoak
Gautegiz Arteagako Montorre eta Muxikako Urretxindorra ikastetxeek ere proiektuarekiko konpromisoa agertu dute azken hileetan, eta hegazti bana hartu dute besoetan, ikastetxearen izenak jarriz:
Montorre eta
Urretxindorra. Bestalde, hainbat izan dira parte hartu duten boluntarioak, tartean, Gautegiz Arteagako bizilagunak; hori dela eta,
Artia izena dauka beste harrapari batek.
Brinzal izenekoagaz, berriz, izen bera duen harraparien errekuperazio zentroak proiektuari eskainitako laguntza eskertu gura izan du Urdaibai Bird Centerrek. Azkenik, Valvospain enpresa-taldeak
Urdaibai izeneko arrano arrantzalea babestu du.
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Arrano arrantzale bat, Urdaibain. Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center
-
-
Argazkia: Urdaibai Bird Center