Foruko barnetegiko ikasleak Urandere ontzian
Natura, historia, ohiturak, paisaiaren interpretazioa eta hegaztien behaketa lantzeko aukera eskaintzen du Urdaibai On Kooperatibak
Urandere ontziaren bitartez. Guztia, Urdaibai Biosfera Erreserbako bihotzean eskaintzen dute, itsasadarretik txangoak antolatuta.
Udazkenean sartuta, eskaintza zabaldu du Kooperatibak eta arrano arrantzalearen behaketarako txangoak ere eskainiko dituzte. Izan ere, arrano arrantzalea berrindartzeko eta berreskuratzeko proiektua ipini dute abian Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza sailak, Urdaibai Bird Centerrekin elkarlanean. Proiektuaren helburua, Urdaibain espeziearen populazio ugalkor bat sortzea da. Horretaz baliatuta,
Urandere ontzitik horiek behatzeko aukera izango da, tartean Urdaibaiko Erreserban ibiltzen diren beste hainbat hegazti behatzeko aukera ere izango delarik.
Urriko bi astelehenetan
Udazkena eta negua izanik Urdaibain hegazti ugarienak izaten diren urtaroak, datorren hilerako txango bi antolatu ditu Urdaibai On Kooperatibak. Urriko bigarren eta laugarren astelehenetan izango dira hegaztiak behatzeko irteerak eta bi ibilbide izango dira aukeran: Mundakatik Gernika-Lumorako ibilbidea egin daiteke 11:00etan ontzia hartuta, edo alderantziz, Gernika-Lumotik abiatuta Mundakaraino ere joan daiteke 13:00ak inguruan. Txangoak 20 euro balio duela zehaztu dute eta erreserbak Kooperatibaren helbide elektronikoaren bitartez egin beharko dira
urdaibaion@urdaibaion.com-era idatzita. Txangoak musikaz lagunduta egingo dituzte eta bisita gidatuak euskara mailakatua erabilita egin daitezkeela jakinarazi dute.
Bestalde, jakinarazi dutenez,
Urandere Ur-gaineko Ikasgela egitasmoa eskaintzen ari dira ikastetxeetan. Hain zuzen ere, ikasgai jakin batzuk ontzian bertan lantzeko aukera eskaini gura die ikasleei eta irakasleei. Izan ere, egitasmoaren antolatzaileen ustez, «ontzia naturan, historian, artean zein beste edozein arlotan murgiltzeko tresna ezin hobea da».