Urperatzeko unea
1963ko irailaren 15a, 08:30ak. Begoñako Amaren irudia eta jarraigo bat Bilboko udaletxetik abiatzen dira, Bermeora bidean. Galdakaon, Zornotzan, Gernika-Lumon, Sukarrietan, Mundakan… ehunka lagun biltzen dira prozesio berezi hura bertatik bertara ikusteko. Bermeora 10:30ean iritsi, eta Juan Flaño merkantzia-ontziak Gaztelugatxeko San Juan ingurura eroaten du Begoñako Ama Birjinaren irudia, hango uretan tronuratzeko.
Urtero legez, Bizkaiko Urpeko Jardueren Zentro Txangozaleak (CEVAS) antolatuta, Begoñako Ama urpean tronuratu zuteneko urteurrena gogoratu dute aurten ere Gaztelugatxe inguruetan. Aurtengoa, baina, urteurren berezia izan da, dagoeneko mende erdia baitarama Begoñako Amak Gaztelugatxeko San Juaneko itsas azpiko tronu horretatik «itsaspeko lana egiten duten guztiak eta arrantzale guztiak» babesten. Hori dela eta, egitarau bereziarekin ekarri dute gogora Begoñako Amak ur azpitik egiten duen zaintza.
Duela 50 urte bezala, ehun lagun inguruz osatutako prozesio batek Bizkaiko zaindariaren irudia jarraitu zuen domekan Frantziskotarren elizatik porturaino, eta bedeinkatu ondoren, handik itsasontziz eroan zuten Gaztelugatxeko San Juanera. Bermeo-Bakio errepidean dagoen panoramikan meza egin, eta duela 50. urteko ekitaldia antolatu zuen Juan Marra omendu ostean, eskaintza berezia egin zioten Begoñako Amari: urpekarietako batek sare bat, oxigeno bonbona bat, eta ereinotz eta lore koro bana eskaini zizkion.
Hartara, beste 50 urtez ere zaindari lan isila egin ahal izango du Begoñako Amak, urpean duen tronu berezi horretatik.
-
-
Urperatzeko unea. Argazkia: CEVAS
-
-
Argazkia: CEVAS
-
-
Argazkia: CEVAS
-
-
Argazkia: CEVAS
-
-
Argazkia: CEVAS
-
-
Argazkia: CEVAS