Gobernu Batzordeak 2013-2014 ikasturterako diru laguntza araudia hilaren 11n onartuta, euskara ikasteko eta euskaraz trebatzeko laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak, eta baita gidabaimena euskaraz ateratzeko diru laguntzena ere.
Gernika-Lumon erroldatutako 16 urtetik gorako bizilagunek eskatu ahal izango dute laguntza, edo, “Geure Berbie Euskeraz hitzarmengintza kanpainan inplikatuta egonik, Gernika-Lumoko Udalarekin hitzarmena sinatuta duten erakundeetako langileak eta kideak, nahiz eta Gernika-Lumon erroldatuta egon ez”. Motorrak gidatzeko baimenaren kasua izango da salbuespena, 14 urtetik gorakoek ere eskatu ahal izango dutelako horretarako diru laguntza.
HABEk homologatutako ikastaroetan matrikula egin dutenak hartuko dituzte aintzat, eta barnetegian egindako ikastaroengatik ere jaso ahal izango da laguntza. Euskal Herriko unibertsitateetan uda eta opor sasoian burutzen diren ikastaroen kasurako, erakunde bakoitzaren programazioan aintzat hartutakoak izan beharko dira eta osorik euskaraz burutzekoak. Aurreko kasuan bezala, egoitza eta garraio gastuak ez dira diru laguntza gai, beraz, eskaeran zehaztu egin beharko da matrikula kontzeptuan ordaindutakoa.
Eskaria aurkeztu orduko, matrikula ordainduta eduki beharko dela zehaztu du udalak, eta baldintzetako bat da eskatzaileak izena eman duen euskaltegian amaitu beharko duela ikastaroa.
Diru laguntzak bi motakoak izango dira: borondatea erakusteagatik emango direnak eta ikastaroaren aprobetxamenduagatik emandakoak. Ikastaro bakoitzeko 500 euro jaso ahal izango ditu eskatzaile bakoitzak, gehienez. Urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik eskatzaile batek 800 euro jaso ahal izango ditu gehien jota.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskaria Gernika-Lumoko alkateari zuzendu beharko dio eskatzaileak, eta, horrekin batera, dagokion euskaltegiak edo unibertsitateak emandako ikasle-fitxa aurkeztu beharko du, matrikulagatiko diru laguntza eskatuz gero. Aprobetxamenduagatiko diru laguntzaren kasuan, asistentziaren egiaztagiria aurkeztu beharko du. Horrez gain, matrikularen ordainagiria, langabetuen kasuan Lanbideren egiaztagiria, langileen eta ikasleen kasuan errenta aitorpenaren fotokopia eta errolda egiaztagiria edo Geure Berbie Euskeraz hitzarmengintza kanpainan inplikatutako erakundeko langile edo kide izatearen froga aurkeztu beharko dira. Oinarrizko Errentaren jasotzailea izanez gero, berorren egiaztagiria ere eroan beharko da.
Epeei dagokienez, matrikulagatiko diru laguntza eskabidea ikastaroa hasi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta asistentziagatiko diru laguntzarena ikastaroa bukatu ondorengo hilabeteko epean.
Gidabaimenaren azterketa euskaraz egiteagatiko laguntzaren kasuan, ezinbestekoa izango da eskatzailea 16 urtetik gorakoa izatea eta ziklomotorretarako baimenaren kasuan 14 urtetik gorakoa. Bietan Gernika-Lumon erroldatuta egon beharko da. Gidabaimenaren azterketa euskaraz egin izana egiaztatu beharko da, Trafiko zuzendaritzak emandako ziurtagiriaren bitartez.