Begoñako ama birjina, urpean
Gaztelugatxeko San Juaneko uretan tronuratu zuten Begoñako Ama Birjina duela 50 urteko irailaren 15ean. Bizkaiko Urpeko Jardueren Txangozale Zentroak (CEVAS) antolatu zuen ekitaldi hura, eta bere garaian “adierazgarria eta garrantzitsua” izan zela azaldu dute. Gaztelugatxeko San Juaneko itsas azpiko tronu horretatik, Ama Birjinak “itsaspeko lana egiten duten guztiak eta arrantzale guztiak babesten dituela” aipatu dute.
Proiektua gauzatu aurretik, “luze” eztabaidatu zuten, baina argi zuten Begoñako birjina izango zela protagonista. Diotenez, kostuei aurre egiteko aukerak ondo aztertu zituzten. Era berean, CEVASeko kideek tronuratzerako leku desberdinetan pentsatzen zituzten. Batetik, Matxitxakotik gertu dagoen Aketxe uharteko uretan pentsatu zuten. Arin baztertu zuten gune hori, “baldintza txarrengatik, hondoko itsasoa egoten baita sarri”. Bestetik, Armintzarengann pentsatu zuten, Bilbotik hurbilago zegoelako eta itsasbeheran posible izango zelako irudia ikustea. Hirugarren aukera izan zen Gaztelugatxeko San Juanekoa.
1962an Luciano Reguera zen CEVASeko presidente, eta Aketxe uhartearen inguruetan hil zen, itsaspeko arrantzan zebilela. Hura zendu eta hilabete gutxira erabaki zuten haren omenez Begoñako ama birjina Gaztelugatxeko San Juaneko uretan tronuratzea.
Ikusmin handia sortu zuen
Ekimena finantzatu ahal izateko herri harpidetza abiarazi zuten, eta hainbat enpresak eta erakundek ere parte hartu zuten. 1963. urteko irailaren 15ean, 08:30ean Bilboko udaletxetik atera zen jarraigo bat birjinaren irudiarekin, eta hainbat herritatik (Galdakao, Zornotza, Gernika-Lumo, Sukarrieta, Mundaka) igaro zen, Bermeora iritsi arte. Ehunka lagun zeuden herri guztietan, irudia zelan eroaten zuten ikusten.
10:30ean iritsi zen Bermeora. Hainbat herritar zeuden zain, ikusmin “ikaragarria” sortu zuen. Juan Flaño merkantzia-ontzia arduratu zen Begoñako Ama Birjinaren irudia Gaztelugatxeko San Juaneko uretara eroateaz.
1,20 metroko altuera du Begoñako Ama Birjinaren irudiak, eta 47×30 zentimetroko oina du. Irudia 55×46 zentimetro neurtzen duen plataforma batean dago. Brontzezko artelana da, eta 198 kilo pisatzen ditu. Hala ere, itsas hondoan finkatuta geratzeko berunez bete behar izan zutela azaldu du CEVASek. Hortaz, artelanak gutxi gorabehera tona bateko pisua dauka. Irudia 12 metroko sakoneran tronuratzea erabaki zuten, modu horretan, urpekariek itsasbeheran arazorik barik ikus dezaketelako.
Ama Birjinaren irudiaren erreprodukzioa Joaquin Lucarini eskultore arabarrak egin zuen. Lucarini Bilboko Deustua auzoko El Tigre modura ezaguna den eraikinaren egilea da.
Monolitoa errepidean
Tronuratzeak sei urte bete zituenean, 1963ko ekitaldi hura gogorazteko monolitoa jarri zuten Bermeo-Bakio errepidean. Ondoren, 25. urteurrenean, Gaztelugatxeko San Juaneko uretan tronuratuta dagoen Ama Birjinaren irudiaren kopia bat egiteko eskatu zuten, eta Bermeoko Aita frantziskotarren elizan ipini zuten. CEVASek azaldu legez, “erabaki hori hartu zuten, oso zaila delako itsas hondoan dagoen irudia ikustea, urpean igeri egin behar da ezinbestean. Elizan, barriz, edozein momentutan ikus daiteke”.
Urtero, irailaren 15ean itsaspean tronuratuta dagoen Begoñako Ama Birjinari lore eskaintza egiten diote CEVASeko kideek, eta Gaztelugatxeko baselizan ere meza egiten dute haren omenez. Aurten, baina, urteurren berezia ela eta, modu berezian ospatuko dute.
Egitaraua:
- Irailaren 14a, bihar: 20:00etan, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizaren eta eskaileren argiztapena;20:30ean, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizan gaueko meza.
- Irailaren 15a, etzi: 10:00etan, Begoñako Ama Birjinaren irudiaren aurrean otoitz, Frantziskotarren elizan; 11:00etan, prozesioan joango dira Kofradiaraino, bertatik itsasontziak agurtzeko; 11:15ean, itsasontziak Bermeoko portutik abiatuko dira Gaztelugatxeko San Juanera; 12:00etan, meza, Bermeo-Bakio errepidean dagoen panoramikan; 12:30ean, lore eskaintza egingo dute lurretik, itsasotik eta airetik.