Zesta-punta nazioartean gehien hedatu den euskal kirola da. Europara, Ipar Amerikara, Hego Amerikara eta Asiara heldu zen kirolik azkarrenaren sukarra, XIX. mendean. Han eta hemen, pilotaleku barriak zabaldu zituzten zesta-puntari mundu mailako fama emanez. Kirolaren nazioarteratzeagaz batera, gainera, Euskal Herriko jokalariei munduko ateak zabaldu zitzaizkien, eta euskal kulturak munduan zehar bidaiatu zuen.
Dagoeneko urte asko pasatu dira zesta-puntaren garai hoberenetatik. Arrazoi desberdinak tarteko, euskal kirolik famatuenak beherakada nabarmena izan zuen 90eko hamarkadatik aurrera. Hala, gaur egun zesta-puntaren etorkizuna ez dago batere argi.
Zesta-punta ahanzturatik ateratzeko eta kirol horren historia ezagutarazteko, Gernika Jai Alai elkarteak erakusketa bat antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Erakusketa horrek, gainera, berezitasun garrantzitsu bat dauka. Izan ere, bildutako materiala Jai Alai frontoian bertan bisitatzeko aukera izango dute zesta-punta zaleek, abuztuaren 22ra arte. Hala, kirolak eta kulturak bat egingo dute.
Erakusketak hamar panel informatibo, hamahiru erakusmahai eta film labur bat batzen ditu. Pilotalekuko goiko solairuan jarri dute ikusgai material guztia, eta ez da ordaindu behar bertara sartzeagatik.
Panel informatiboetan, esaterako, zesta-puntaren historiaren bilakaera batu dute antolatzaileek. Kirolaren hastapenak, gorakada, nazioarteratzea, urrezko aroa eta azken urteetako beherakadaren berri ematen dute panelek.
Erakusmahaietan, bestalde, mota guztietako material zaharra jarri dute ikusgai Jai Alaikoek. Besteak beste, aldizkariak, egunkariak, zesta zahar zein berriak, sarrera zaharrak, argazkiak, grabatuak eta liburuak daude ikusgai.
Amaitzeko, bideo labur bat ikusteko aukera ere izango dute erakusketa bisitatzen dutenek. Hain zuzen, RKO AEBetako ekoiztetxe famatuak grabatutako bideo zati bat jarri dute ikusgai. Bideo horretan, 1950eko hamarkadako puntista famatuenak ikusteko aukera ematen dute Gernika Jai Alaikoek.
Gernika-Lumoko zesta-puntari buruzko erakusketa orain arte egin den osatuena da, antolatzaileen ustez. Izan ere, lehenengo biderrez jarri dute ikusgai norbanakoek eta elkarteek erakusketarako utzitako hainbat material. Hala, Gernika Jai Alai elkartekoak pozarren daude, zesta-puntaren historia luzea ezagutarazteko lehen pauso sendoa eman baitute.
Antolatzaileek diotenez, euskal kirolik famatuenak gizartean zuen garrantzia azaleratzen du erakusketak. Izan ere, atzerrira joaten ziren puntistak mundu guztian ziren famatuak, eta heroiak bailiran hartzen zituzten Euskal Herrira bueltatzean.
Abuztura arte izango da material guztia Gernika-Lumon, baina antolatzaileen helburua erakusketaren proiektuari jarraipena ematea da. Hala, baliteke erakusketa Bizkaiko beste herri batzuetara eramatea gerora.
Omenaldia frontoiari
Zesta-puntari buruzko erakusketa Jai Alai frontoiaren 50. urteurrenaren harira antolatu dute. Hala, Gernika-Lumoko pilotalekua bisitatzeko aukera bikaina dela deritzote Gernika-Lumoko elkartekoek. Izan ere, pilotalekua bera da munduko kirolik azkarrenaren garrantzia ulertzeko gakoetako bat.
Jai Alai Secundino Zuazo arkitekto bilbotarrak eraiki zuen, 1.963an. Gernika-Lumokoa zutabe barik eraikitako lehen pilotalekua izan zen. Hortaz, obra oso garrantzitsua izan zen zesta-punta zaleentzat.
2007an DOCOMOMO kongresuak maisulan izendatu zuen pilotalekua. 2012an, bestalde, Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko kultur ondare izendapena emon zion.