PelePele taldeko zenbait kide
Hutsik egin barik dator aurten ere Nazioarteko Folklore Jaialdia Gernika-Lumora. Oraingoan, Gernika-Lumoko Elai-Alairen eta Galdakaoko Andra Mariren eskutik datozen euskal dantzekin batera, Swazilandiako eta Kubako dantzak ezagutzeko aukera egongo da, PelePele eta Camagua folklore taldeen eskutik, hurrenez hurren.
2003an sortu zen PelePele taldea, Larry Mhlanga dantzari, koreografo, perkusionista, aktore, zinema zuzendari eta ekoizlearen ekimenez. Taldea osatzen duten 30 dantzari, musikari eta perkusionistek hainbat diziplina jorratzen dituzte emanaldietan, garapenean dagoan lurralde baten ondare kulturala osatzea xede. Pobreen, umerzurtzen, aktibista kulturalen eta laguntzarik ez dutenen bozeramale izanez, itxaropen mezu bat zabaltzen du taldeak: Gaur jardun, gure kultura gorde eta etorkizuna bermatu ahal izateko. Gernika-Lumon aurkeztuko duen ikuskizunak, bestalde, Injabulo Africa du izenburu, hau da, Zorionak Afrikan.
Kubako historia, dantzetan
Camagua folklore taldeko kideak Fernando Medrano Vireyaren zuzendaritzapean ariko dira. Aurkeztuko duten ikuskizuna atal ezberdinetan banatuta dago. Hala, atalez atal, Amerikako herrialdearen historiaren errepasoa egingo du taldeak: herri tradizio zahar eta jatorrenak ezagutaraziko ditu, nekazal munduko XVIII. mendera eta esklabuen sasoira eramango du ikuslea, Karibeko herrialde guztiek Kubako tradizioetan duten eraginaren isla azalduko du… Azken atalean, Congos trinitarios izenburupean, dantza tradizionalak jasoko ditu, «oraindik ere bizirik jarraitzen duen iragana presente» eginez.
Camaguako dantzari bat
Galdakaoko Andra Mari eta Gernika-Lumoko Elai-Alai dantzari taldeek, azkenik, euskal dantzen inguruan urteetan egindako lana erakutsiko dute jendaurrean.
Folklore jaialdia
- Taldeak. Gernika-Lumoko Elai-Alai, Galdakaoko Andra Mari, Swazilandiako PelePele eta Kubako Camagua.
- Noiz. Uztailaren 27an, zapatuan.
- Non. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, 21:30ean.
- Prezioa. Dohainik.