LABek egindako agerraldi bat
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, zenbait enpresatan hitzarmena bertan behera geratu dela eta ezartzen jarraituko ez dutela dioten komunikazioak ari dira ematen langileei. Busturialdean, momentuz, ez direla horretan hasi azaldu du Ion Iñaki Alkorta LABeko Lea-Artibai eta Busturialdeko metalgintzako arduradunak; Lea-Artibain, ostera, dagoeneko sei enpresatan banatu dituztela jakinarazi du. «Erabakiak atzera bota ditzaten», helegiteak jarri behar direla deritzo sindikatuak, eta langileei horretarako «bidea» erraztuko diela zehaztu du.
Izan ere, «erasoaren aurrean erantzun» egin behar dela uste du LABek: «Mobilizatu egin behar gara, enpresari erakusteko gure lan baldintzen eta hitzarmenaren defentsa egingo dugula borrokaren bidez».
Bestalde, komunikazio horiek jaso ondoren, langileek errekurtsoa jartzeko hogei eguneko epea daukatela zehaztu du sindikatuak, bai enpresetara ailegatzen diren gutunen kasuan, eta baita jakinarazpenak norbanakoek jasotzen dituztenean ere. Epe horren barruan «bideak zabaltzeko», beraz, bere egoitzetara jotzeko deia egin die langileei, bertan erreklamazioak egiteko. Izan ere, «hitzarmen horiek beste bat sinatu arte indarrean jarraitu behar dute, edo, behintzat, akordio batera ailegatu arte».
«Hitzarmenek beste bat sinatu arte indarrean jarraitu behar dute, edo, behintzat, akordio batera ailegatu arte».
Erreklamatu ezean, arazoak
Hogei eguneko epean langileak komunikazio horiek erreklamatu ezean, aurrera begira «arazo juridikoak» sor daitezkeela azaldu du LAB sindikatuko arduradunak, eta, era berean, lan baldintzak errespetatzeko unean beharginak arazoak izango lituzkeela gogorarazi du.
Ion Iñaki Alkorta
Ion Iñaki Alkorta (Lea-Artibaiko eta Busturialdeko LABeko metalgintza arduraduna): «Akordio bat proposatuko dugu enpresetan»
Ion Iñaki Alkorta Lea-Artibaiko eta Busturialdeko LABeko metalgintza arduradunak lan hitzarmenen inguruko komunikazioa jasotzerakoan beharginek zelan jokatu behar duten azaldu du, lehenengo pauso hori guztiz garrantzitsua dela zehaztuz.
Langileek enpresaren aldetik komunikaziorik jasoz gero, zer egin behar dute zehazki?
Gutunik jasoz gero, ezer ez sinatzeko eta hogei eguneko epearen barruan sindikatuetara jotzeko eskatzen diegu, bertan errekurtsoa jartzeko. Sinatuz, berriz, lan baldintzak automatikoki aldatuta geratuko lirateke.
Zer diote gutun horiek?
Gutun horien bitartez, enpresariek diote orain arteko lan baldintzak ezartzen jarraituko dutela kontratu iraunkorra duten langileen kasuan; den den, aurrera begira etorriko diren aldi baterako langileei araudi berria aplikatuko dietela esaten dute. Gutun horren bitartez, erreformaren lehenengo aplikazio bati ateak irekitzen dabiltza.
Lea-Artibain eta Busturialdean zein enpresatan jaso dute gutuna?
Momentuz, Grupo Amenabarreko lau enpresatan, Fundiciones Goikoetxean (Markina-Xemein) eta Cartonajes Erabilen (Amoroto eta Gizaburuaga) eman dituztela jakin dugu. Dena den, badakigu enpresetan gutunak zabaltzeko agindua eman duela patronalak; beraz, aurrerago etorriko dira gainontzekoak ere.
Errekurtso horiek jartzeaz gain, zer gehiago egingo duzue borrokan jarraitzeko?
Sindikatuok sektore mailan ere errekurtsoak jartzen hasi gara; hala, babes juridiko bat ematen diegu langileei errekurtso horrek zein ondorio edukiko duen ikusi arte. Horrez gain, datozen hamabost egunetan akordio bat eramango dugu enpresetara, enpresariek eta delegatuek edo langileek sinatu dezaten. Hain zuzen, beste hitzarmen berri bat sinatu arte, momentuko eskubideak mantendu egingo direla jasoko du akordio horrek. Horrela, enpresariak erreforma aplikatzen has daitezen saihestuko dugu; egun, legez, nahi duten momentuan erreforma aplikatzen hastea libre baitaukate.
Zeintzuk eskubide urratuko lirateke aipatutako gutuna sinatzekotan?
Sinatzerakoan, langilearen lan baldintzak aldatzeko boterea hartzen du patronalak automatikoki. Langileak patronalari aldebakarki jokatzen uzten badio orain, bigarren pausoa izan daiteke eskubideak kentzea, eta, kasu horretan, ezingo luke erreklamatu, lehenengo pausoan ez egiteagatik. Beraz, oso garrantzitsua da lehenengo pauso hori erreklamatzea, gerora, babes juridikoa izateko.
Estatu mailako hitzarmena aplikatzeak zein aldaketa ekarriko luke?
Lan baldintzei dagokienez, aldaketa ugari: soldatetan izugarrizko jaitsiera, medikuarengana joateko baimenik ez, istripuen ondoriozko bajekin arazoak sortuko lirateke, baimenetarako orduak galduko lirateke…