Espainiako Gobernuaren erreformak “lurraldeen eskumenak errespetatzen ez dituela eta konstituzioaren kontrakoa” dela iritzita, jarriko du Eusko Jaurlaritzak helegitea.
PPren aldeko botoekin soilik onartu zuten aipatu Kosta Legearen erreforma maiatzaren 9an; orduko hartan, CiU abstenitu egin zen, eta gainontzeko alderdiek kontra bozkatu zuten.
Aipatu erreformak hainbat puntu nagusi biltzen ditu: hala nola, Hego Euskal Herriko kostaldean itsasbazterrean etxeak egiteko babesa 100 metrotatik 20 metrotara pasatuko dela dio. Gainera, Kostaldeko lurralde publikoan eraikitako etxeen jabeei 75 urteko kontzesioak emango dizkietela biltzen du; 2018. urtean eraisten hasi behar ziren hainbat eraikin, baina lege berriak bertan behera utziko ditu eraisketak. Horrez gain, hondartzetan festak egin ahalko dira, “interes turistikoaren” arabera. Hondartzetako txosnek lau urterako kontzesioak izango dituzte erreforma barri horren arabera, urtebetekoak izan beharrean. Azkenik, Espainiako Gobernuak udal baten kostarako plana gelditu ahalko du, ingurua babesteari eragiten badio.
Orduko hartan, hainbat talde ekologistek salatu zuten lege berriak ez duela “babeserako espiriturik”; izan be, hondartza pribatuak sortuko direla uste dute talde gehienek. “Ustiapenerako geldituko da kostaldea, eta interes pribatu zehatzei opartuko diete”, azaldu zuen Greenpeaceko bozeramaile Pilar Marcosek.