Arrano arrantzale kumea
Deforestazioaren edota pestiziden erabileraren ondorioz, hegazti horren populazioa asko murriztu da Europa osoan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2013-2017 epealdirako programa bat ipini dute abian, Urdaibain arrano arrantzale kopuruak gora egin dezan. Hartara, oraingoz hamabi txita ekarri dituzten arren, datozen bost urteetan 60 ekartzea da asmoa, hamabi urte bakoitzeko.
Bost aste inguru dituztela ekarri dituzte txitak, eta lau edo zortzi astetan zehar modu artifizialean elikatuko dituzte, aklimatatu daitezen. Ondoren, askatu egingo dituzte, eta Urdaibain beste lau-zortzi emango ditute, gerora Afrikara emigratuko baitute. Ondoren itzuli egingo direla aurreikusten dute.
Urdaibain espeziearen populazio ugalkor bat sortzea da proiektuaren helburua, “zeina epe ertain edo luzera Iberiar penintsularen iparraldeko beste hezegune askotara hedatuko den”. Urdaibai Bird Centerrek zehaztu duenez, “bere habitata kontserbatzeko eta hain ezagunak eta erakargarriak ez diren beste espezie batzuen kontserbatziorako gakoa” da arrano arrantzalea. Hori horrela, espeziea berreskuratzeko kume basatien edo hacking izeneko teknika erabiliko dute; hau da, “emailea den populazio batetik erauzitako kumeak lekuz aldatu, Urdaibairaino garraiatu eta, plataforma artifizialetan egonaldi labur bat egin ostean, askatu” egingo dituzte. Eskoziatik ez ezik, Finlandiatik ere ekarriko dituzte txitak.
Espeziearen berreskurapenerako ez ezik, “kontserbaziorako, ingurumen hezkuntzarako eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren irudiaren sustaketa ekarriko duen ekoturismorako tresna gisa” ere erabili nahi dute proiektua.