Berualak duen egoerari «aurre egiteko» Bermeoko Udalak 4.5 milioi euroko mailegua eskatuko dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Mailegu horren bitartez, «kontuen bahiketa eta Berualaren egoera konkurtsala» ekidin gura du Udalak. Bilduren botoekin onartu zuten neurri hori azken osoko bilkuran, Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek udalbatzarra utzi baitzuten. Horien esanetan «ezin dugu onartu EAJren aurka egitearren, Bermeo eta Bermeotar guztien aurka egitea. Etekin politikoa baino ez dute lortu gura».
![Babespeko 38 etxebizitza aurreikusten ziren San Martineko eraikinean](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/ERAIKIN_POLEMIKOA-300x225.jpg)
Babespeko 38 etxebizitza aurreikusten ziren San Martineko eraikinean
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, Berualaren aurkako ondasunen enbargoa bideratzeko eskatu da epaitegian uztailaren 16an, otsailean epaileak San Martineko Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) eraisteko eskatutako 3,4 milioi euroko fidantza ordaindu ez izanagatik. Hori ekidin asmoz, erakunde ezberdinengana jo dutela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Hala, bai Eusko Jaurlaritzarekin zein Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzarrak egin dituztela adierazi du. Bidegurenen esanetan, «zorrak ordaintzeko eta sententziari aurre egiteko mailegua ez den beste biderik ez dute ikusten». Bestalde, mailegua eskatuko ez balute, Beruala amaituko litzatekeela jakinarazi du «langileak kalean geldituz, eta herritarrei zor zaizkien 600.000 euroak be ezingo lirateke ordaindu, besteren artean». Modu horretan, 4.5 milio euroko mailegua eskatuko dutela zehaztu du.
Irtenbide hori udalaren «gustokoa ez dela» dio alkateak, «ez da herriarentzat estrategikoa den proiektu bat finantzatzeko, baizik eta aurreko legealditik datozen zorrak eta harek eragindako kalteak konpontzeko baizik».
Udalaren erantzukizuna, baina, arazoari irtenbidea bilatzea dela uste du Bidegurenek: «Zorrak Beruala eta udala ito orduko finantziazioa behar-beharrezkoa da, eta Berualaren kontuen enbargoa ez gertatzeko lehenbailehen lortu beharko genuke». Finantziazio eskaera horrekin galerei aurre egitea eta San Martineko sententziak agindatukoa betetzea aurreikusten dute.
Udal Gobernuaren helburuak Bermeoko alkatearen esanetan, batetik, enbargoa ekiditzea eta finantziazioa lortzea litzateke, bestetik, San Martineko etxebizitzen kontrola hartzea eta martxan jartzea, ondoren horiek saldu ahal izateko. Berualaren egoera «ahalik eta arinen» konpondu gura dutela zehaztu du, «bere zereginetara buelta dezan».
«Enpresa pribatuaren alde»
Udalak Aldundiari San Martineko BOEk eraisteko beharrezkoak diren 2,05 milioiak eskatzea «ez du ondo ikusten» EAJk. «Eraispena egin ahal izateko Ibarretas XXI enpresa pribatuak aurkeztu duen proiektua, nahiz eta Bilduk kota-legea aldatu zuen, ilegala da», diote. Eusko Jaurlaritzaren dokumentu ofizial baten bitartez erakutsi zuten EAJko zinegotziek «proiektuari lizentziarik emon ezin zaiola, baldintzak ez dituelako betetzen». Epaileak agindutakoa, beraz, ezin daitekeela bete diote, eta udalak epaileari gertakari horren barri emon beharko liokela uste du EAJk: «herriarenak diren etxebizitzak defendatzeko aukera du udalak».
Bilduren apostua «beti» etxebizitzen eraistea izan dela kritikatu du EAJk. Orain, gainera, udalak Ibarretas enpresarekin hitzarmen bat sinatu gura duela aipatu dute: «horren bitartez, udalak bere gain hartuko lituzke orain arte Ibarretasek izan dituen gastuak, eta eraistea bere kabuz egiteko konpromisoa hartuko luke. Horrela proiektu ilegala beregain hartuta, legal bihurtu arte behar diren modifikazino guztiak egiteko ardura hartzen du Bermeoko Udalak».
«Etekin politikoa» lortzeko herria urteetarako hipotekatuko dutela salatu dute EAJ zinegotziek, «EAJren aurka soilik egitearren». Hori onartu ezin dutela eta, udalbatzarra uzteko erabakia hartu zuten joan den barikuan.
EAJko zinegotziek osoko bilkuran izan zuten jarrera «gogor» kritikatu du Bermeoko Bilduk: «joan den legealdian egindako kudeaketa txarrari aurre egiteko gai ez direla erakutsi dute». Herritarren interesak defendatu beharrean, «beraien aurpegia garbitzen» ari direla uste du plataformak, eta izan duten «errespetu falta, arduragabekeria eta koldarkeria» salatu dituzte.