Lau irteera dakartza udarako Asinsoc Elbarriak Gizarteratzeko Elkarteak
Beste urtebetez, ekintzaz beteriko uda dakar Gernika-Lumoko Asinsoc Elbarriak Gizarteratzeko Elkarteak. Uztailean martxan jarritako Zuk nahi baduzu, ahal duzu kanpainaz gain, lau irteera antolatu ditu abuzturako.
Elbarriren bat duten pertsonek udaran hondartzara joan eta bertan bainua hartu ahal izateko antolatzen dute Zuk nahi baduzu, ahal duzu kanpaina. Aurten, Mundakako Laidatxu hondartzan izango dute elbarriek horretarako aukera, irailaren 1era bitartean, 11:00etatik 19:00etara.
Halaber, abuztuan zehar, Asinsocek antolatutako irteeretan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Juan Ignacio Intxausti elkarteko presidenteak azaldu duenez, “lau irteera izango dira; Gasteizera, Sendavivara, Plentziara eta Santillana del Mar-era”.
Irailean hauteskundeak
Uda igarota, gainera, elkarteko hauteskundeak ospatuko dituztela jakinarazi du Intxaustik. “Irailean izango dira hauteskundeak eta nik presidente izateari utziko diot”, gaineratu du. Lau urte daramatza Intxaustik elkarteko presidente kargua hartuta.
Udako jarduerak azaltzeagaz batera, 2012. urtean zehar burututako ekintzen memoria aurkeztu du elkarteak. Hala, “arrakasta handia” izan zuen tapoi bilketa –Cesar Carmona gazte gernikarrak aulki barria eros zezan–nabarmendu du presidenteak, beste hainbaten artean. Halaber, iaz izan ziren tailerrak be aipatu ditu Intxaustik; esaterako, sexualitateari buruzkoak.
Horrez gain, doaneko aholkularitza juridikoa eskaintzen dutela eta elkartearen bulegoan lau ordenagailu daudela elbarriren bat duten herritarrek erabil ditzaten azaldu du elkarteko presidenteak.
Aipatutakoez gain, beste hainbat programa be jartzen ditu herritarren eskura Asinsocek; besteak beste, TAO zerbitzuari buruzko kontsulta, elbarrituen mediku-azterketak, GISATEKi buruzko kontsultak, sarbideetarako txostenak…
Egun, elkartearen egoera ekonomikoa “erreza ez” bada be, –60.000 euroko zorra du–, Busturialdeko eta inguruko herritarrei euren laguntza eskaini gura die; “elbarriren bat duten pertsonen senideei zein laguntza behar duen edozein pertsonari elkartera gerturatzeko gonbitea luzatzen diegu”, azaldu dute bertako kideek.
Udako jarduerak
Kanpaina
Uztailaren 1etik irailaren 1era. Zuk nahi baduzu, ahal duzu kanpaina martxan jarri dute beste urtebetez. Aurten, Laidatxu hondartzan (Mundakan). Elbarriren bat duten pertsonek bainua hartu ahal izango dute, 11:00etatik 19:00etara.
Irteerak
Abuztuak 2, Gasteizera txangoa. 09:30ean aterako dira Gernika-Lumoko autobus geltokitik. Prezioa: 25 euro bazkide ez direnentzat; 15 euro bazkide direnentzat; eta 15 euro gurpil aulkietako languntzaileentzat. Izena emoteko azken eguna uztailak 23a, elkartearen bulegoan.
Abuztuak 9, Sendavivara txangoa (Nafarroa). 09:30ean aterako dira Gernika-Lumoko autobus geltokitik. Prezioa: 25 euro bazkide ez direnentzat; 15 euro bazkide direnentzat; eta 15 euro gurpil aulkietako languntzaileentzat. Izena emoteko azken eguna uztailak 23a, elkartearen bulegoan.
Abuztuak 23, Plentziara txangoa. 09:30ean aterako dira Gernika-Lumoko autobus geltokitik. Prezioa: 15 euro bazkide ez direnentzat; 10 euro bazkide direnentzat; eta 10 euro gurpil aulkietako languntzaileentzat. Izena emoteko azken eguna uztailak 23a, elkartearen bulegoan.
Abuztuak 30, Santillana del Marrera txangoa. 09:30ean aterako dira Gernika-Lumoko autobus geltokitik. Prezioa: 25 euro bazkide ez direnentzat; 15 euro bazkide direnentzat; eta 15 euro gurpil aulkietako languntzaileentzat. Izena emoteko azken eguna uztailak 23a, elkartearen bulegoan. .