Jose Mari Gorroño alkatea, Otegiren eta Egigurenen alabekin, Gernika Sarien ekitaldian
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek Jose Maria Gorroño (Bildu) Gernika-Lumoko alkatea auzipetu du, “terrorismoa goraipatzea eta zuritzea” leporatuta. Udalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide eta presoari eta PSE-EEren presidente Jesus Egigureni joan den apirilean emandako Gernika Saria dago akusazioaren oinarrian, eta deklaratzera deitu du Gorroño.
Dignidad y Justicia elkarteak Gernikako alkatearen eta epaimahaian “konplize” izan zirenen kontra salaketa aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salaketan, aipatutako elkarteak adierazi zuen epaimahaikideek “ondo baino hobeto” zekitela Otegiri espetxe zigorra ezarri diotela epai irmoz “ETAko kide izateagatik”, eta, hala ere, “saria ematea, goraipatzea eta jendaurreko omenaldia egitea” erabaki zutela. Udalak, Gernika Gogoratuz elkarteak, Kultur Etxea Fundazio Publikoak eta Bakearen Museoak osatzen zuten epaimahaia, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gernika-Lumoko alkate ohi guztiak.
Txostena eta bideoak
Dignidad y Justicia elkartearen salaketa tramitera onartu du Pedrazek, eta txosten bat egiteko eskatu dio Ertzaintzari.Txosten horretan zenbait agiri aurkeztu beharko ditu Ertzaintzak, esaterako, sariaren oinarriak eta saridunak nortzuk izango ziren ebazteko udalak hartutako erabakiaren agiria. Era berean, froga gisa aurkeztu ahal izateko bideo batzuk eskatzeko agindu dio epaileak Ertzaintzari. Zehazki, Ertzaintzak sariak emateko ekitaldiaren grabazioa eskatuko dio udalari, eta EITBri, berriz, ekitaldiaren inguruan emandako albistearen grabazioa.
EAk “erabateko babesa” adierazi dio Gorroñori zein “Euskal Herriak behar duen bake eta elkarbizitza ereduaren eraikuntzan erreferentzia den Gernikako Udalari”. Eusko Alkartasunaren iritziz, Auzitegi Nazionalaren ebazpen horren bidez “Espainiako Estatuak berriro erabaki du Euskal Herrian normalizazio, bake eta elkarbizitzaren eraikuntza lortzeko egiten ari den bidearen kontra jotzea”.
Gorroñoren kontrako auzia “gatazkaren konponbidearen, bakearen eta normalizazioaren aurkako beste jazarpen bat” dela salatu du EH Bilduk. Era berean, babesa helarazi zien Gorroñori, udalari, epaimahaiari eta saria jaso zuten bi politikariei, “herri honen bakea eta normalizazio arloan egindako lana eta ekarpenak eskertzeko”. Udalbiltzak be bere babesa agertu dio Gorroñori, eta Dignidad y Justicia eta Santiago Pedraz epailearen jokabidea gaitzetsi ditu, auzibidean jarri dutelako Gorroño “bakeari egindako ekarpena” saritzeagatik.