Parte hartze prozesua "atzerapenekin" amaitu dutela esan du Agirrek

Apirilean Alde Zaharrean gertatu zen sutearen ondorioz, Bermeon Erabaki parte hartze prozesua bi hiletan eten behar izan zutela-eta, zenbait gaitan atzerapenarekin dabiltzala azaldu du Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Partaidetza saileko zinegotziak. Halanda be, ikasturte honetan herritarrek agertu duten interesa nabarmendu gura izan du, “batzuetan profesionalekin batera agertu baitira batzarretara”.
Hainbat gai landu dituzte ikasturte honetan, “nahiz eta gehiagora iritsiko ginela pentsatu, ahal duguna egin dugu; ez dugu gehiagorako denborarik izan”, azaldu du Agirrek.
Joan den ikasturtean hasi ziren lantzen Bizikidetza araudia, eta ikasturte honetan be horrekin jarraitu dute. Bizikidetza araudiak herriko gune publikoen erabilera zehaztuko du, hau da, “zer egin daitekeen eta zer ez”. Bizikidetza araudiarekin amaitzeko asmoa bazuten be, “azken begiradaren faltan” dagoela aipatu du. Ondoren, udalera joango dela zehaztu du ” onartzeko tramitazioa egiten hasteko”.
Bestalde, Ibarreta, Adubidxe eta Zarragoitxi definitzeko prozesuen inguruan, egindako proposamenak udal teknikarien eskuetan daudela esan du «bideragarritasuna aztertzeko». Turismoaren plan estrategiko bat garatzeko asmoa be badagoela esan du eta kirola eta aniztasun funtziola eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonen egoera be aztertu dituzte, besteren artean.
Aurtengo ikasturtea amaituta, datorrenera begira daude jada, eta gazteen lokalak eztabaidara eroango dituztela aurreratu du, “horientzako araudi berezi bat egin asmoz”. Gai hori gazteekin, lokaletako jabeekin, udaleko teknikariekin eta ordezkariekin eta herritarrekin landu gura dutela jakinarazi du.