
Urdaibaikoak ligako lehen estropadan
Busturialdeko hiru arraun taldeak ureratuko dira asteburuan, baina helburu desbardinak dauzkatela. TKE ligan, Urdaibaik azkenaldiko emaitzak hobetzea izango du helburu, banderen lehian egoteko. KAE 1 mailan, bestalde, Busturialdeak joan den asteburuko hobekuntzari jarraipena emon guran ureratuko dira. Amaitzeko, Mundakak ohorezko txandako taldeengana hurbiltzen ahaleginduko da.
Bermeoko arraun taldeak denboraldiko bigarren bandera irabazteko bi aukera izango ditu, asteburuan. Alde batetik, zapatuan Marina de Cudeyo bandera lehiatuko dute Pedreñan (Kantabria). Bestetik, domekan Eusko Label bandera lehiatuko dute, Donostian (Gipuzkoa). Kantabriako estropada 19:00etan hasiko da, eta Donostikoa 12:00etan.
Joan den jardunaldian zortzigarren sailkatuta, Elantxobeko Arraun Taldeak sailkapenaren zulotik ihes egitea lortu zuen. Hala, hobekuntzari jarraipena emotea izango da bertokoen helburua, Donostian. Hain zuzen, Donostiarra-Kaiarriba bandera jokatuko dute, zapatuan, 17:00etatik aurrera.
Mundakak ohorezko txandatik hurbil egoteko erronkagaz hasi zuen denboraldia, baina ligako lehen estropadan zazpigarren sailkatu ziren. Hala, zapatuan postu hori hobetzeko ahalegina egingo dute mundakarrek. Luancon (Asturias) jokatuko dute Gozon Udaletxearen bandera, 18:00etatik aurrera.