Mundakaren ikuspegi orokorra
Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena aurkeztu du Mundakako Udalak. Plan horrek herriaren garapena definitzen du zortzi urtera begira, eta besteren artean, 188 etxebizitza barri egitea aurreikusten du; %36 udal-etxebizitza tasatuak eta %64 araubide librekoak, hain zuzen be.
Mundakako Plan Orokorraren helburuak honakoak dira: herrigunearen egitura osatzea, industria eremuak finkatzea eta dotazio eta ekipamendu mailak hobetzea. Bestalde, hiri-lurzoruan dauden finkatu gabeko zenbait etxebizitza eremu antolatzea proposatzen du planak: Itxasbegi, Basamortu, Geltoki-Mondollu, Txorrokopunta, Erreka eta Larrinaga Jauregia.
Herritarrei etxebizitza eskuragarria bermatzeko Mundakako Udalak duen konpromisoagaz bat eginez, «bereziki gazteei etxebizitza eskuratzea erraztearen aldeko apustua egiten dute HAPOn», diote udaletik. Jakinarazi dutenez, Mundakak %9,8ko urbanizatutako azalera du, eta planteamendu barriak %0,8 gehiago urbanizatzea aurreikusten du. Udalaetik azaldu legez, «lurzoruagaz ez espekulatzea bermatzen duen neurrizko hazkunde arrazionala da. Gainera, zerbitzuak hobetzea be ekarriko du, herritarren bizi kalitatea hobetu asmoz». Modu horretan, 188 etxebizitza barri aurreikusten ditu HAPOk ,horietatik %36 udal-etxebizitza tasatuak.
Plan Orokorrak 122.197 metro kuadro aurreikusten ditu etxebizitzen erabilerarako, 126.198 metro kuadro industria erabilerarako, ekipamenduetarako 23.459 metro kuadro, eta espazio libreetarako 28.963 metro kuadro. Adibide modura, udal kiroldegia handitzeko lursail bat prestatzea aurreikusten dute.
Irisgarritasuna hobetzea
Garapen ereduak hazkunde «iraunkorra eta trinkoa» proposatzen du. Gainera, zortzi urtera begira garatzen ari diren Plan Orokorrak herriko irisgarritasuna hobetzearen beharra nabarmentzen du. Modu horretan, autobus geltoki barria eta aparkaleku kopurua gehitu eta barne komunikazioa hobetuko duen bide ardatz barria egitea aurreikusten dira. Planak aurreikusten dituen lur-azpiko aparkalekuez gain, azaleko 100 aparkaleku inguru sortuko dituztela azaldu dute.
Mundakak etorkizunean izan gura duen antolamendua lantzeko, «herritarren aldetik ahalik eta parte hartzerik handiena» izan gura dutela aipatu dute udaletik. Hori dela eta, herritarrek HAPOren proposamen nabarmenenak ezagutu ahal izateko, Mundakako Udalak planaren aurrerapenaren dokumentuak eta plano nagusiak erakutsiko ditu.
Momentuz, HAPOren aurrerapena baino ez dute aurkeztu. Azaldu dutenez, uda osteko osoko bilkuran aurreikusten dute plana behin-behinean onartzea.