!['Azken Gernikak' erakusketan ikus daitekeen lanetako bat](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/22-300x169.jpg)
‘Azken Gernikak’ erakusketan ikus daitekeen lanetako bat
Gernikako bonbardaketak Euskal Herrian izandako ondorio eta eraginak nabarmenak izan diren arren, nazioartean be arrastoa utzi du zorigaiztoko gertaera hark. Hein handi batean eta, besteak beste, Pablo Picassori zor dio Gernikak 1937ko apirilaren 26ko sarraski eta txikizio hura artearen bidez irudikatu eta nazioarte mailan salatu izana. Haren ondoren, baina, hainbat artistak jarraitu dute Malagako artistaren lorratza, Gernika zibilen aurkako eraso indiskriminatuen ikur bilakatzen jarraituz denen artean.
Faxismoaren eta gerraren izugarrikeriaren ikur eta irudi unibertsala den margolan horretatik jaiotako beste batzuei erreparatu die Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, Xabier Saenz de Gorbea koordinatzaile duen Azken Gernikak izeneko erakusketaren bitartez. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat artistak egindako eskulturek, grabatuek eta argazkiek apaintzen dute museoko sotoa, interpretaziora zabalik dagoen kontakizun bat eginez. «Benetakoa eta alegiazkoa nahasten dituen eraketa da, azterketa kritikoa areagotu eta kontzientzia erradikala bere egiten duena». Bi proiekziok Gernika eta Gernika ezberdin batzuetara hurreratzeko aukera eskaintzen diete bisitariari.
![Javier Arce](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/Javier-Arce-300x199.jpg)
Javier Arceren lana
«Iragana orainarekin lotzeko» bide bat da Azken Gernikak, eta, era berean, «basakerien eta minen kontrako gogoeta egiteko gonbidapena». Artearen bidez, hiribilduan zein beste herrialde batzuetan «bizitako indarkeriak» ekartzen ditu gogora. «Esperientzia sorta bat da, horma-irudiaren sinbolismoa eta haren garrantzia unibertsala nabarmen uzten dituena. Izan ere, benetako egoerak ez ezik, etorkizunean egoera horiek sor ditzaketen testuinguruak ere salatzen ditu. Ikono mitiko bat abiapuntu, errealitatea eratu eta berreraiki egiten dute erakusketako lanek, eta istorio berriak eskaintzen dizkigute, beste era bateko gogoeta eta interpretazioetarako bide baitira».
1937tik gaur egunera arte
1937ko argazki «esanguratsu» bat da laginaren abiapuntua, Jose Antonio Agirre lehendakariak Nazioarteko Erakusketako Espainiako Errepubikaren pabilioia bisitatu zuenekoa. Agirre eta bere jarraigoa Picassoren Gernikaren aurrean daude.
Bigarren artelanari so eginda, denboran aurrera egingo du bisitariak. Margolana hiri-altzari bilakatzen da lan horretan, 2002an Frankfurten (Alemania) egindako Manifesta Arte Garaikideko Europako biurtekoan aurkeztutako Ibon Aranberriren lan baten bitartez. Javier Arcek, bestetik, benetazko gertaera bat dakar gogora. 1973ko lan batekin, Picassoren lana guardia zibilen zaintzapean Madrilera nola eroan zuten erakusten du Arcek.
1974an Tony Shafrazi galerista eta ekintzaileak New Yorkeko (AEB) MOMA museoan zegoela Gernikari egindako erasoa be gogorarazten du Azken Gernikak, fanzine eta grabatu-artxibo bat baliatuta. Horrekin batera, Gernikari egindako fikziozko erasoen inguruan Kepa Garrazak egindako lanak be aurkezten ditu laginak.
Picassoren margolanetik abiatuta, beraz, gaur egunera arteko errepasoa egiten du erakusketak, eta horren adierazle da Alduide Koordinakundeak 2012an egindako lana. Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak Zilbetiko (Nafarroa) Antzeri pagadian harrobi bat egiteko zeukan asmoa salatzeko, Gernika zuhaitzen azal bihurrietan nola irudikatu zuten be aurkezten du Euskal Herria Museoko erakusketak, zenbait argazkiren bitartez.
Errepasoa egin eta guztiak aintzat hartuta, «notarioa izanik, arteak errealitateak zabaltzeko» balio duela ondorioztatzen du Xabier Saenz de Gorbea erakusketaren koordinatzaileak; «baita herentziak zalantzak jartzeko eta gizakien izugarrikerien aurrean sentsibilizatzeko be».